Euroligako Lauko Finala Gasteizen

Onenak elkartu dira

Istanbulgo derbiarekin hasiko da gaur Lauko finala. Real Madrilek eta CSKAk jokatuko dute bigarren finalerdia. Ez dago faborito garbirik

Euroligako garaikurra, atzo Plaza Berrian eginiko aurkezpen ekitaldian. DAVID AGUILAR / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Europako lau talderik onenak elkartuko dira gaurtik aurrera Buesa Arenan, eta, bide batez, Baskoniaren eta Josean Kerejetaren urte luzeko bulego lanak zentzua hartuko du. Euroligako Lauko Finaleko finalerdiak jokatuko dira bertan, eta lau talderik onenak direla esateak sinplekeria dirudi, baina kasu honetan horrela da, Euroligako fase luzean lehen sailkatuak izan zirelako, bosgarrenarekiko alde handiz. Final-laurdenetan ez zen ezustekorik izan eta lau zerrendaburuek egin zuten aurrera, bi finalerdi oso erakargarri utziz. Aurrenekoan (18:00), Fenerbahcek eta Anadolu Efesek Istanbulgo derbietako bat jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Real Madril iazko txapeldunak CSKA Moskuri egingo dio aurre. Ziurrenik bi horiek izango dira Gasteizko zaleek gutxien maite dituzten taldeak. Bi irabazleek etzi arratsaldez jokatuko dute finala (20:30).

Lauko Finalak ez du faborito garbirik, eta oreka da nagusi pronostikoetan. Bat nabarmentzekotan Fenerbahcek beharko luke, lehen faseko talderik onena izan zen eta Zeljko Obradovicen aztia du aulkian —bederatzi aldiz irabazi du Euroliga—. Turkiako erraldoiak, baina, hutsuneak ditu, eta antzeko postuetan pilatuak. Luigi Datome eta Joffrey Lauvergne hegal-pibotek ezingo dute jokatu, eta Jan Vesely pibota eta Nikola Kalinic ez daude euren onenean. Biek jokatzea espero da, baina bi partida hiru egunetan karga handia da.

Parean Efes izango du, ondo bidean Baskoniazaleek kutun hartuko duten taldea, besteak beste Gasteizko hiru jokalari ohi dauzkalako: Shane Larkin, Rodrigue Beaubois eta Tibor Pleiss. 19 urte igaro dira Euroligako finalerdietarako sailkatu zen azken alditik. Final-laurdenetan Bartzelona kanporatu zuen, eta bi antolatzaileak sasoi bikainean daude: Larkinek 19 puntu sartu ditu partidarako final-laurdenetan, eta Vasilje Micicek ia hamahiru eta 6,6 asistentzia eman. Sasoi honetan lau aldiz jokatu dute elkarren aurka, bina Turkiako Ligan eta bina Euroligan, eta beti etxeko taldeak irabazi du.

Pablo Laso, etxean

Lauko Final honetan arretarik handiena erakarriko duen pertsona Pablo Laso izango da. Gasteiztarra jaiotzez, Baskoniako ikur izandakoa, eta Real Madril berriz ere txapeldun bilakatzen saiatuko da bere etxean. Madrilgo taldea sasoi betean iritsiko da, Panathinaikos 3-0 kanporatu ondoren. Min harturiko jokalariak apurka sendatzen ari zaizkio, eta mailarik onena eman ahal izango du.

Parean, CSKA Gasteizera itzuliko da final-laurdenetako kanporaketaren ondoren. Zortzigarren Lauko Finala du jarraian —bakarra irabazi du bolada horretan—, eta, azken hamabostetatik hamalautan egon da. Dimitris Itudisek Sergio Rodriguez antolatzailearen zalantza zuen, baina garaiz sendatu da. Euroligako ligaxkan jokaturiko bi partidak CSKAk irabazi zituen. Moskuko taldeak, baina, ez dirudi beste urte batzuetako talde ia garaiezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.