Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Ertzak, erdigunera

Mezu bat emateko, ez da ezinbestekoa esaldi biribil eta goitik beherako batekin amaitzea bertsoa. Aspaldi jabetu ziren horretaz bertsolariak. Beste bide horiek arakatzeko egiten duten ahalegina argi ikusten da txapelketan, esaterako, gaiari aurkitutako heldulekuetan eta bertsoak osatzeko moduan.
Jone Uria, Bastidako finalaurrekoan.
Jone Uria, Bastidako finalaurrekoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Miren Garate

2017ko azaroak 25
Ertzez, gaiarekiko jarreraz, kokapenaz nahiz azpigaiez hitz egiten dute bertsolariek. Brotxa fineko garaiak direla diote. Duela urte batzuetatik datorren kontua izan arren, eta txapelketatik harago doan fenomenoa izanik ere, akaso han igartzen da gehien bertsokera hori. Lehen aldean gutxi jotzen da goitik beherako arrazoiketa edo argudiobidera; ordainetan, pertsonaien garapenarekin, istorioaren narrazioarekin, giro bat sortuz edo beste baliabide batzuk erabiliz saiatzen dira bertsolariak jarritako gaiari punta ateratzen.

Bertsolaritzaren brotxa loditik brotxa finerako bilakaera azaltzeko, soziologian ere asko aipatzen den kontu bat jarri du adibidetzat Igor Elortzak: «Aurreko mendea solidoa zela esaten da, eta hau, likidoa». Alegia, garai bateko ziurtasunak eta errealitate sendoak ia desagertu direla diote zenbait teoriak, eta, horien ordez, etengabe eraldatzen eta egokitzen den mundu batean bizi garela.«Txirritaren eta Xalbadorren bertsoei erreparatuz gero, brotxa fineko bertso dezente topatuko genituzke, noski. Baina ni hasi nintzenean, brotxa lodiagorekin egiten zen bertsotan».

1990eko hamarkada hasieran egin zuen plazetarako jauzia durangarrak. «Orain hiru hamarkada, argiago zegoen bakoitzaren kokapena munduan eta bizitzaren aurrean». Sailkatuago zegoen guztia, dikotomietan: baserritarra eta kaletarra; ezkondua eta ezkongabea; gizona eta emakumea... «Bertsolaritza, azkenean, gaietatik hasten da, eta gaiak aldatu egin dira. Baina ez hori bakarrik: lehen, bertsolariak berak bazekien non kokatu gai horretan eta hortik zer esan; goitik beheragokoa zen arrazoiketa».

Alde batetik, beraz, «zer kantatzen da?» galderari erreparatu behar zaiola uste du; eta bestetik, «zelan kantatzen da?» galderari, aldi berean aldatu baitira biak. «Bertsolarien inputak gero eta gehiago dira: musika, antzerkia, arte plastikoa, komikiak... Zelan esan horretan beste bide batzuk topatzen ditugu, eta, seguruenik, bide horiek topatzen ditugu beste ikuspegi edo azpigai batzuk topatu nahi ditugulako».

Bakarkakoetan lehenagotik, eta aurten bereziki ofiziotako ariketetan igarri du ertzetara jotzeko joera Jone Uriak. «Betelanetan ikusten da jendea saiatzen ari dela gaiarekin lotura duten detaileak sartzen. Arrazoi potoloetara gutxiago jotzen da; aldiz, badago saiakera bat besteek ikusiko ez dituzten gauzak bistaratzeko eta horiek detaileekin josteko». Norbere zigilua uzteko ahaleginarekin lotzen du brotxa fin hori. Azaldu du bakoitzak bere ekarpena egiteko bide gehiago dagoela ertzetatik joanda, guztiak ados dauden hori politago edo itsusiago esanda baino. «Esango nuke logikoki ez garela gehiegi bereizten bata bestearengandik, eta, azkenean, arrazoiketa ponpoxoek ez garamatzatela nork berea desmarkatzera».

Interesgarria iruditzen zaio bilakaera: «Uste dut beste bidea agortzear zegoela, bide onetik goazela, bertsolaritzak asko duela irekitzeko hortik joanda». Bat dator Elortza ere. «Mezu bat emateko, ez dago zertan bota iritzi mailako argudiobide arrazional eta goitik beherako bat; bestelako gai, pertsonaia eta kontatzeko eta kantatzeko modu batzuen bidez ere egin daiteke». «Zer» eta «zelan» horretan asmatzen denean, normalean, bertsoaldi gogoangarriak ateratzen direla gaineratu du. «Benetan ederra da lortzen duzunean eguneroko detaile txiki batekin edo ia anekdota den zerbaitekin adieraztea oso esaldi potolo batekin esango zenukeena».

Hala ere, etengabe ertzak aurkitzen aritzea ere arriskutsua izan daitekeela iruditzen zaio, eta batzuetan mezua garbi-garbi botatzearen aldekoa da. Joan den astean, Amurrioko (Araba) saioan, Prestige petrolio ontziaz aritzea egokitu zitzaien Sustrai Colinari eta Nerea Ibarzabali hamarreko txikian. «Sustraik lehenengo bertsoa amaitu zuen: 'orduko errudunak/ boterean daude'. Hori izan daiteke garai bateko bertso bat, baina uste dut momentu horretan bertsorik egokiena zela. Esan beharra dago batzuetan badagoela ertzaren bila joateko gehiegizko nahi bat ere, gehiegi tematzen garela horretan».

Ia denen gustuko bertsoa botatzea posible zen garaiak joan ziren. «Gaur egun, ezinezkoa da, publikoa askoz pluralagoa delako. Gai bat aukeratzen dugunean, jabetzen gara jende bati gai horrek ez diola askorik esango», azaldu du Uriak, baina ez du askorik kezkatzen horrek. «Oraindik igual norbaitek egingo ditu kalkuluak: zer gai aukeratu ahalik eta jende gehiagorengana iristeko. Hala ere, uste dut bakoitzak esan nahi duen hori kantatzen duela gero eta gehiago, eta iristen zaionari iristen zaio, eta kito».

Erreakzio hotzagoak?

Aurtengo txapelketan, bakarkako ariketetan, igartzen da istorio txikiak edo egunerokoarekin zerikusia duten istorioak osatzeko joera: polizia etxetik dei bat jasotzearen arrazoia sakelakoa galdu izana izatea; argia piztutakoan dena okertzearen motiboa seme batek bestea esnatzea izatea; edo ospakizunaren harira sentsazio batzuk deskribatzea besterik gabe. «Azkenean, mezu bat denean egon daiteke. Sakelakoa galtze horrek, adibidez, mezu sakona izan dezake atzean: gaur egun zenbateko garrantzia ematen diogun sakelakoari eta abar. Bilatu nahi duenak bilatuko du mezu hori ertzetan ere».

Alde horretatik, «bigarren pauso batean» behintzat ikusten du bere burua Elortzak. «Aurreko txapelketan ere oso kontzienteki egin nuen ahalegin bat, gai epiko edo handi horien ordez, humanizatzekoa edo bat-bat eskalara ekartzekoa».

Ertzetatik jotzeak publikoaren erreakzioak hoztu ote dituen ez dute hain argi bertsolariek. Plazak lehertzea, oro har, zaila dela dio algortarrak, eta beharbada horrelako bertsokerarekin are zailagoa, baina uste du bertsoari ekarpen handiagoa egiten diola egungo bertsokerak. «Horrek beharbada publikoak gogotik barre edo gogotik negar ez egitea ekarriko duela? Ba, beharbada bai, baina beharbada heziketa kontua da, eta denborarekin ertzetatik ere iritsiko gara publikoarengana, bestela iristen ginen bezala».

Lehertu aditzak zalantzak eragiten dizkiola kontatu du Elortzak. «Txiste ebidente batek grazia edukita sortzen duen algara eta ironiaz zerbait esanda sortzen den erreakzioa ezberdinak dira. Horrek esan nahi du arrasto txikiagoa uzten duela algara handikoa ez den irribarre horrek? Ez dut uste». Bestelako gaietan ere berdin gertatzen dela dio. Garai batean, jarrera argi batetik kantatzen zenean lan gatazka bati buruz, eta publikoko gehienak ere jarrera horretakoak zirenean, bertsolariak ia aldarri bat egiten zuela azaldu du. «Logikoa da erreakzioa agerikoa eta beroa izatea. Gaur egun ere, langabe baten egunerokoa kontatuta jendearen barruraino irits zaitezke, erreakzioa hain beroa ez izanda ere».

Donibane Lohizuneko finalaurrekoan kantatuko dute Elortzak eta Uriak bihar, eta haiekin batera ariko dira Maialen Lujanbio, Iñaki Apalategi, Julio Soto eta Agin Laburu. 17:00etan izango da saioa, Jai Alai pilotalekuan, eta Fernando Anbustegik egingo ditu gai jartzaile lanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna