Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Irrealitatearen bezpera

Onerako eta txarrerako, txapelketak neurriz kanpoko dimentsioa har dezake bertsolarientzat. Aje eguna izango da biharkoa: biharamun gozoa BECerako bidean direnentzat, eta frustrazioz beterikoa beren onena ez dutela eman uste dutenentzat. Bata zein bestea kudeatzen jakitea komeni izaten da.
Miren Amuriza, Durangoko finalaurrekoan.
Miren Amuriza, Durangoko finalaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Miren Garate

2017ko abenduak 2
Esku batekin edo birekin kontatzeko adina. Nekez izango dira gehiago txapelketa erabat pozik amaitzen duten bertsolariak. Eta gaur ere hartuko du kolpea baten batek, helburuak bete gabe edo erakutsi nahi zuena erakutsi gabe amaituko zaiolako txapelketa. Kanporaketetan eta finalaurrekoen lehen fasean gertatu zitzaien beste batzuei, eta izango da finala arantza batekin amaituko duenik ere. Parrandara atera aurretik biharamunari begiratzen zaion bezala, txapelketan ere ez dago sobran ariketa hori.

Astelehen txar asko edukitakoa dela kontatu du Miren Amurizak. Orain lau urte, Euskal Herriko txapelketan, ez zuen lortu kanporaketak gainditzerik. Bizkaiko txapelketan ere, azken hiru aldietan, ez da gustura geratu. Alabaina, oraingo honetan, zortzigarren amaitu du finalaurrekoen lehen fasea, eta, Agin Laburu zazpigarrena finalerako aukerarik gabe geratu ostean, BECerako hautagai nagusietako bat da berriztarra. Badirudi haren, Oihana Iguaranen, Jon Maiaren eta Unai Agirrerekin artean dagoela zazpigarren bertsolaria. Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi ere oraindik ez dira sailkatu, baina nahiko segurutzat jotzen dira finalean. Alaia Martinek ere badu aukerarik.

Amuriza joan izan da txapelketako saioetara hortik aurrera etorriko denari buruz ezer pentsatu gabe; gaur, ordea, etxeko lanak eginda doa. «Aurreko asteotan, guztiak neurriz kanpoko dimentsioa hartzen du, eta niri asko laguntzen dit saioaren aurretik txapelketa nire bizitzan kokatzeak, ea zer leku duen pentsatzeak, erlatibizatzeko eta esateko neure buruari: 'Erronka inportantea da, baina hau zatitxo bat bakarrik da'».

Aurten, estreinakoz, idatzita ari da uzten gogoeta hori. «Finalera sartuko banintz ere, lur hartuko nukeen eremu hori ez da erreala, euforia hori ez da erreala. Gerta daiteke oso ondo joatea edo oso gaizki joatea, baina lehenago edo beranduago bueltatu behar izaten duzu zure ardatzera, zure lurrera». Izaten da jendea oporretara joan aurretik etxea normalean baino txukunago uzten duena, bueltan behintzat hori behar bezala izateko eta ez are gehiago zailtzeko itzulera. Badu horrekin zerikusia Amurizak kontatutakoak, bueltan ideiak bere lekuan edukitzearekin, alegia: «Niretzat, bertsolaritzaren zakuaren barruan sartzen da txapelketa, baina bertso eskola ere sartzen da, umeekin egiten dudan lana, entrenatzeko aitzakian sortu dugun lagun sarea eta abar. Horren guztiaren barruan, parte txiki bat bakarrik da txapelketako emaitza».

Txapelketa gaizki ateratzeko beldurraren atzean, batez ere bertsolarien «paranoia moduko bat» egoten da, azaldu duenez: bat-batean bertso mundutik desagertzeko kezka. Asterix eta Obelixen marrazki bizidunetako kapitulu batek lagundu zion orain lau urte gogoeta egiten: erromatarrek itsasora botatzen zituzten, mundua laua zela uste zutenez, mundutik kanpo botatzen zituztelakoan. «Baina lurra borobila zenez, Asterix eta Obelix Ameriketan jausten ziren. Aurreko txapelketan ikusi nuen, mapatik desagertuko zarela uste arren, beste eremu batean jausten zarela, eta hor zeure buruari galdetu behar diozula: 'Jarraitu nahi dut bide hau lantzen, edo beste batzuk topatu behar ditut?'».

Badaki gaizki ateraz gero kolpea hartuko duela orain ere, «baina mina ez da hainbestekoa izango». Besteak beste, badituelako beste interesgune batzuk ere. «Jende batek bere bizitzaren erdigunean jartzen du txapelketa, lehentasun absolututzat eta ia helduleku bakar moduan. Bizitzako beste edozein arlotan ere arriskutsua da helduleku bakar bat edukitzea, eta honetan ere bai». Eroriz egin ditu hausnarketa horiek Amurizak. «Orain, benetan iruditzen zait azken urteetan egindako saio txarrak ez nituzkeela aldatuko, zer bestela ez nuen egingo autokritikarik, eta ez nintzen saiatuko beste bide batzuk aurkitzen».

Ez aurkezteko erabakia

Uxue Alberdi ere gaiaz hainbat hausnarketa egindakoa da. 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ez zuen lortu Euskal Herrikorako sailkatzerik. «Baina irakaspen handi bat izan zen». Alde batetik, momentu horretan ikusi zuelako bertsolari izan nahi zuela. «Ordura arte, hor nenbilen; olatua hartu nuen 2007ko txapelketan, eta haren gainean, baina benetan planteatu gabe zenbat eskaini nahi nion bertsoari». Bestetik, erabaki zuelako bertsolari izan nahi zuela, baina ez inori ezer demostratzeko.

Gipuzkoako txapelketa hartara «oso baldintza pertsonal txarretan» aurkeztu zen. Erditu berria zen, eta apenas egiten zuen lorik. Zergatik aurkeztu zen galdetu zion bere buruari. «Zertarako halako premia, ez bazen momentu egokia? Konturatu nintzen egundoko beldurra niola zirkuitutik kanpora geratzeari, eta presio handia jartzen niola neure buruari jendeari edo kanpoko faktore bati erakusteko gai nintzela». Fokua bere barrura begira eduki beharrean espektatiben eta egoaren bueltan zuela ikusi zuen, eta erabaki zuen gehiago ez aurkeztea txapelketara: «Ez baitzait gustatzen nola jartzen naizen txapelketen aurrean. Jarraitu nahi dut plazan ahalik eta maila onena ematen, baina txapelketara aurkeztu gabe».

Gustuko du bertsoak berez duen arrisku eta urduritasun puntu hori, baina neurri bateraino. «Uste dut plazako bertsolaritzan neurri hori topatu dudala, baina, gaur egun ere, txapelketara aurkeztuz gero, ez nintzateke gai izango baretasunetik kudeatzeko». Bakoitzak bizi nahi duen erritmoarekin ere badu zerikusia, haren ustez. «Nik ez dut azeleratuta bizi nahi. Eta azelerazio orokor bat sortzen du txapelketak».

Bertsolari batzuek aipatzen dute beren burua estutu eta maila hobetzeko aurkezten direla txapelketara. Grina hori badu Alberdik ere. «Oso polita da txapelketaz aparteko motibazioa bilatzea, sorkuntzari edo arteari lotuago dagoelako. Plazaz plaza bazabiltza, eta lanketa bat egiten baduzu, akaso gaur ez zaizu aterako, baina bihar bai: bideak jarraitu egiten du, eta zeuk dakizu aurrera doan edo ez». Kontatu du ahalegintzen dela ahalik eta exigenteena izaten bere buruarekin, eta ahalik eta gutxien emaitzarekin. «Bideari, jarrerari, ahaleginari ematen diot garrantzia. Gainera, lortu dut entzulea ez ikustea epaile moduan».

Txapelketan ere, inportantea iruditzen zaio norbere helburuak ondo markatzea, emaitzaz harago. «American dream ukitu bat ere badago txapelketan, badirudi edonork egin dezakeela edozer, baina errealitateak erakusten du bakar batzuei bakarrik ateratzen zaiela nahi luketen bezala, emaitzaz behintzat». Alabaina, txapelketa da oraindik plazetarako jauzia egiteko zubirik azkarrena. «Zalantzarik gabe. Nik ere txapelketari esker egin nuen plazetarako jauzia. Hori bai, desioko nuke beste kanal batzuk ere egotea, eta ez badaude, sortu egin beharko genituzke».

Bere esperientzia hori izanik ere, txapelketara doazenei ez die inolako kritikarik egiten Alberdik; kontrakoa, miretsi egiten dituela dio. «Denok nahi dugu gure ona bakarrik erakutsi, eta txapelketan foku eta entzule kritiko pila bat izaten dira aurrean, eta han agertzen dira zure hutsuneak eta tendentzia ez hain gustukoak, zenbait inertzia, aurreiritziren bat ere ager daiteke. Oso erabaki ausarta iruditzen zait txapelketara aurkeztea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna