Katalunia

Estrategia bakarraren bila

Gaur dute azken eguna koalizioen izenak emateko, abenduaren 21eko bozei begira. Ez dute erabaki zerrenda batua egingo duten edo edukietan bat egingo duten. ERCk CUPi eta Podemi egin die keinua

Josep Lluis Carod Rovira, Borja de Riquer, Dolors Comas d'Argemir eta Antoni Castells profesionalek sinatutako manifestua aurkezten, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Gaur amaituko da epea koalizioen izenak emateko, abenduaren 21eko bozetara begira, baina oraingoz, alderdi eta mugimendu subiranistek ez dute erabaki zerrenda bakarra osatu, edo, estrategia izango den batuko dutena, nork bere aldetik joanda. Hainbat marka erregistratzen ari dira,erabakia edozein izanda ere plataformarik falta ez dadin, baina hortik aurrera, atzeko mugimenduetan egosten ari da saltsa. Datorren astean aurkeztu beharko dituzte hautagaiak, eta alderdi edo koalizioak.

Zerrenda batuaren alde erabakitzen lehena PDECat izan da asteburuan, «herri zerrenda bat» egin nahi duela iragarri baitu. Ahalik eta eremu zabalena bildu nahi dute zerrenda horretan, Carles Puigdemont presidentearen hautagaitzarekin. Baina ERCk ez du Junts Pel Si errepikatu nahi—ERCen eta PDECaten arteko koalizioa—, eta zerrenda batua osatzekotan, argi dauka CUPeko ordezkariek parte hartu beharko luketela. Errepublikanoak keinuak egiten ari zaizkio ere Albano Dante Fachin Podemeko idazkari nagusi dimititu berriari, haien ingurura gerturatzeko.

Sergi Sabria ERCko bozeramaileak atzo azaldutakoaren arabera, asteburuan mugimenduak azkartu egin dira. «Alderdi eta mugimendu guztiek dute jarrera ona, eta denek ulertzen dute ekintzak koordinatua izan behar duela». Ezkerreko jendea bereganatu nahi du ERCk, errepublika ezarrita erdigunean. Zerrenda horrek, lortzen dituen atxikimenduak atxikimendu, Oriol Junqueras presidenteordea izango luke buru, eta alderdiko «preso politikoak» eta diputatuak barneratuko lituzke. Gaur dauzkate lurraldeetan bilerak, eta datorren asteburuan onartuko lukete zerrenda. Errepublikanoek Junquerasen ordezko bat ere izendatu beharko lukete, hark espetxean jarraituko balu. Marta Rovira da denen ahoetan dagoen hautagaia, baina oraindik ez dute itxita.

Dante Fachin eurekin joateko gogoa ere azaldu du Sabriak.Junquerasek askotan aipatu izan du Podemeko idazkari ohiaren jarrera, eta atzo bozeramaileak goraipatu zuen: «Haren ausardiak asko esaten du; demokraziaren eta errepublikaren alde egiten duen defentsak, hala nola U-1ean izan zuen parte hartze aktiboak».

Dante Fachinek prentsaurrean eman zuen atzo dimisioaren berri, Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek bere bizkar abiatutako kontsultaren emaitzak jakin bezperan. Madrilen «esku hartzea» salatu du: «Dekretu kolpea» izan da, haren ustez, Iglesiasek Katalunian ezarri duena. «De facto-ko kargugabetzea izan da. Edo bazoaz edo kendu egingo zaitugu».

Eta joan egin da. Dante Fachinentzat Iglesiasek kontsulta bideratu du katalanen iritzia kontuan hartu gabe, Podemeko militanteak Catalunya en Comurekin joan daitezen. —Podemek erabakia zuen ez joatea—. Xavier Domenech Catalunya en Comuko burua ere kritikatu du, esanez, nahiago izan duela Madrilen esku utzi auzia, berarekin hitz egin beharrean. Catalunya en Comuk iragarri du ez duela ezein koaliziotan parte hartuko.

Dante Fachinentzat, ordea, estrategia batua da eraginkorrena Kataluniako egoera iraultzeko. Baina, hala ere, argi utzi du ez duela alderdi baten zerrendan joan nahi. «Ezberdinen arteko akordioa posible bada, eta baliagarria izan badaiteke ni hara joatea, han izango naiz». Alderdi instrumental bat sortu du, horren bidez beste modu bateko aliantza bati aukera eman ahal izateko, besteak beste, Crida Constituent zortzi taldek osatzen duten taldera batu daiteke, zeinak CUPi eman zion babesa 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan. CUPek ere hitz egin du Dante Fachinekin, eta antikapitalistek ere koalizio baterako izena eman dute, aukera guztiak izan ditzaten. Datorren igandean erabakiko dute zer egin, herri batzarretan.

200 profesionalen eskaera

Arlo ekonomiko, juridiko, kultural, politiko eta artistikoko jendeak ere batu dira prozesuari ekarpena egiteko. Eskatu dute alderdi politikoek hiru puntuok bere egin ditzatela bozen egitarauetan, batera edo nor bere aldetik joanda ere: buruzagi politikoen kontrako auzibide penalak bertan behera utz ditzatela, presoak aska ditzatela, eta erreferendum hitzartu baten alde egin dezatela. Dolors Comas d'Argemir antropologoak nabarmendu du manifestuaren sinatzaileen eremu ideologiko zabala, 173 sinatzaileen artean baitaude PSCtik CUPera bitarteko politikari ohiak. Borja de Riquer historiagileak esan bezala, «larrialdi nazionalari» aurre egitea dute helburu.

Espetxean dauden politikarien abokatuak ere lanean dira, egoera epaitegietan salatzeko. Andreu Van Den Eynde abokatuak Oriol Junqueras presidenteordearen eta Raul Romeva, Carles Mundo eta Dolors Bassaren izenean helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean, aska ditzaten eskatzeko. Abokatuak Carmen Lamela epailearen arrazoiak ez direla zilegi argudiatu du txostenean, eta sailkatu du espetxeak hauteskundeetan behar bezala parte hartzeko eskubidea urratzen duela. «Ez dago zalantzarik ikertuak hautagai potentzialak direla, eta ez baliete askatasuna ukatuko, kanpainan parte hartze aktiboa izango lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.