Goirizelaia: «Ez du zentzurik Auzitegi Nazionalak »

2014ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
«Aldaketa etorriko da, beharrezkoa da. Baina aldaketak Auzitegi Nazionala desagertuta etorri beharko du. Une honetan auzitegi horrek ez du zentzurik». Halaxe mintzatu da Jone Goirizelaia, 35/02 auziko defentsako abokatua, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen jarreraz galdetuta. Info 7 irratian egin ditu adierazpenak, azkenaldian epaileek hartutako erabakiei buruz. Segiko kide izatea leporatuta epaitu zituzten 40 gazteen absoluzioaz, edo, besteak beste, herriko tabernen auzian emandako boto partikularrez galdetuta, joera orokorrari begiratu behar zaiola ohartarazi du: «Oro har, gauzak lehen bezala mantentzen dituzte». Benetako aldaketarako, interesgarritzat jo du justizia trantsizionalaren bidea: «Bide horretatik aritu beharko dugu. Landu beharrekoa da».

HB, EH eta Batasunaren aurkako auziko erabakiaren inguruan, Goirizelaiak salatu du epaimahaiak «goitik behera» onartu dituela Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako txostenetan agertzen diren egitateak: «Horrek esan nahi duen guztiarekin. Aztertu izan dira perizial horiek hainbat tokitan, eta adituek esaten dute hori ez dela froga bat. Baina, zoritxarrez, froga modura erabiltzen da Espainiako Estatuan».

Abuztua opor garaia denez, helegiteak irailean aurkeztu beharko dituztela azaldu du. Jakinarazi duenez, datorren astean bilduko dira epaiketan aritu diren abokatu guztiak, sententzia aztertzeko. «Juridikoki ez dago oso ondo landua», esan du, eta zehaztu du epaia aztertu ondoren landuko dituztela helegiterako argudioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.