Koronabirusa

Txertaketa ziurtagiria onetsi du Frantziako Parlamentuak

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Osasun ziurtagiria txertaketa ziurtagiri bilakatzeko bidea ireki zuen Frantziako Gobernuak. Neurria urtarrilaren 15ean indarrean sartzekoa zen, baina lege joan-etorrian gorabeherak izan ditu lege proiektuak. Azken finean, Frantziako Asanbleako diputatuek lege proiektua onetsi zuten herenegun. 215ek egin zuten alde; 58k kontra, eta zazpi abstenitu ziren. Baina diputatu batzuek Frantziako Kontseilu Konstituzionalean helegitea jartzea erabaki dute, zenbait neurri «norberaren askatasunaren» kontrakoak direlakoan.

Kontseilu Konstituzionalak, beraz, datorren ostegunean ematekoa du helegiteari buruzko erabakia. Onartuko balu, ostiralean bertan sartuko litzateke neurria indarrean. Dena den, Frantziako Gobernuak prefetei utzi die indarrean sartzeko eguna aukeratzeko hautua.

Neurri berriak

Txertaketa ziurtagiria derrigorrezkoa izanen da hainbat leku publikotara sartzeko; orain arte osasun ziurtagiria eskatzen zen lekuetan, erraterako. 16 urtetik gorako herritarrek beharrezkoa izanen dute; berriz, 12 eta 15 urte bitartekoek osasun ziurtagirira erakusten ahalko dute —PCR edo antigeno proba negatibo batek balioko die—. Gainera, leku publikoetako langileek eskubidea izanen dute bezeroen nortasun agirira kontrolatzeko txertaketa ziurtagiriarekin bat egiten duela egiaztatzeko. Zenbait salbuespen izango ditu, ordea: ospitaleetara eta zahar etxeetara sartzeko PCR edo antigeno proba batek balio ahal izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.