Elitearen elitean

AS Baionak hirugarren denboraldia du Frantziako gorengo mailan. Titulurako kanporaketetan sartzeko borrokan ari da. Joan den denboraldian finalerdietara ailegatu zen, eta Maika Brust eta Saioa Jaurena jokalariek uste dute langa horretara berriz iristeko moduan direla.

Montpellierko eta AS Baionako jokalariak, iazko maiatzean, elkarren aurka jokatu zuten finalerdian, Montpellierren. 40-12 irabazi zuten etxekoek. MONTPELLIER RC.
mikel rodriguez
Baiona
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal taldeak lehiatzen diren ligen sailkapenak kontuan hartuz gero, AS Baiona da gaur egun herrialdeko talderik onena. Frantziako Elite 1 Mailako Ligaren lehenbiziko fasearen erdia jokatuta, 1. multzoko hirugarren postuan daude lapurtarrak, titulurako kanporaketetarako sailkatzeko bidean. Hirugarren denboraldia baino ez du gorengo mailan, eta aitzineko sasoian, eliteko bigarrengoan, lau talde onenen artean sailkatzea lortu zuen. «Gure helburua da lehenik [kanporaketetara] sailkatzea], eta gero final-laurdenak etxean hartzea», azaldu du Maika Brust AS Baionako jokalariak (Arrosa, Nafarroa Beherea, 1994). «Horretarako behar dugu bigarren bukatu, eta, hori lortzen badugu, helburua da joan den urtean bezala egitea, finalerdietara arribatzea bederen».

Taldeak eduki duen garapena «nahiko nabaria» izan dela nabarmendu du bertze jokalari batek, Saioa Jaurenak (Elizondo, Nafarroa Garaia, 1989): «Lehenengo urtean jaitsieratik libratu ginen, eta hurrengo urtean finalerdietara ailegatu ginen». 2019-2020 sasoian lanaren erdia egin dute oraingoz, hamalau jardunaldietatik zazpi jokatu baitituzte. Zortzi taldek osatzen dute multzo bakoitza, eta lehenbiziko laurak sailkatuko dira final-laurdenetara. AS Baionak bortz punturen aldea ateratzen dio bortzgarrenari, Lonsi.

Hala ere, kontuan hartu behar da lapurtarrek bertze taldeek baino partida gutxiago jokatu dituztela, bi norgehiagoka gibelatu baitzituzten. Liga geldialdian dago martxoaren 21era arte; hamargarren jardunaldia jokatuko dute orduan, eta AS Baionak hori baino lehen jokatzekoak ditu zortzigarrena eta bederatzigarrena.

Lehenik jokatuko du bederatzigarren jardunaldikoa, hil honen 29an. Bobigny hartuko du Pierre Cacareigt estadioan, berebiziko inportantzia duen norgehiagokan. Izan ere, sailkapenean bigarren dago Bobigny, eta postu horretan etxeko abantaila izanen luke final-laurdenetan. Lehenbiziko itzulian 29-19 irabazi zion AS Baionari. «Galdu behar ez genuen partida bat», Brusten arabera. «Orain beharretan gaude talde horri berriro irabazteko, bigarren postua hartzeko».

Ligaren erreforma

Partida erabakigarri hori jokatu eta bi astera ariko dira zortzigarren jardunaldiko lehian, Rouenen aurka. Hagitz bertzelakoa izanen da hori, Rouen azkena baita sailkapenean, partida guztiak galduta eta puntu bakarrarekin. Lehen itzulian AS Baionak 64-3 astindu zuen. Elite 1 Ligaren erreformaren adibide argia da hori.

2017-2018 denboraldira arte gorengo maila zortzi taldek osatzen zuten bakarrik, baina 2018-2019an bikoiztu egin zuten kopurua, Elite 2 Mailako zortzi talde automatikoki gorengo mailara pasatuta. Ligaxka bi multzotan banatu zuten, eta multzo bakoitzeko lehenbiziko laurak sailkatzen dira kanporaketetara. Multzo bakoitzeko azkenek, berriz, elkarren aurka jokatzen dute jaitsiera automatikoa eragozteko.

Brusten ustez, eredu berriak «maila anitz apaldu du». Jaurenak arrazoi eman dio, eta azaldu du «bi alde» ikusten dizkiola: «Alde batetik, talde gisa gauza gehiago probatzeko aukera ematen digu, eta konfiantza handiagoa hartzeko. Bertze alde batetik, ordea, partida bat 40-0 irabazten ari zarenean, seriotasuna galtzen ahal da». Brusten iritziz, «60-0» irabaztea ez da ona ez irabazlearentzat, ez galtzailearentzat. Jaurenak uste du Frantziako Federazioaren interesekoa izan dela liga hamasei talderekin antolatzea, epe luzeagora «maila igotzeko», baina talde handienei ez zaie komenigarria iruditzen.

Montpellier da ligako talderik onena, AS Baionaren multzoko liderra. Azken zazpi txapelketetatik sei irabazi ditu; azken hirurak, jarraian. Joan den denboraldian hark kanporatu zuen AS Baiona finalerdietan. Sasoi honen lehen itzulian jokatu zuten lapurtarrek Montpellierren. 29-14 galdu zuten. «Galdu genuen, baina, azkenean, partida aski ona egin genuen», kontatu du Brustek. «Lehen denbora ona egin genuen, 11-14 irabazten, baina bigarren denboran guretzat fisikoki zaila izan zen, eta haiek aldaketekin ez dute deus nabaritzen».

Montpellierrek taldearen erdi inguru erdi-profesionala du. Frantziako emakumezkoen errugbiaren elitean, hamabortzeko errugbian bederen, ez dago jokalari guztiz profesionalik. Brustek kontatu duenez, Frantziako Federazioak ligako 26 jokalari ditu kontratupean. Lanaldi erdia eskaintzen diote errugbiari, eta bertze erdia bertze lanbide bati edo ikasketei. «Badute beste denbora erdi osoa entrenatzeko, beraz, hori erraztasun handi bat da. 26 horietatik anitz badira Tolosan [2. multzoko liderra] eta Montpellierren jokatzen».

Langileak eta ikasleak

AS Baionaren errealitatea, ordea, bertzelakoa da. «Gehienok lana egiten dugu, edo ikasten ari gara, eta ahal dugun neurrian esfortzu handia egiten dugu goi mailan jokatu hala izateko», erran du Jaurenak. Baztandarra, errate baterako, matematika irakaslea da. Zelaian astean hirutan entrenatzen dira, gimnasioan bertze hiruzpalau entrenamendu egiten dituzte, eta bertze egun batez trebaketa fisikoa egiten dute. Gainera, partidarik ez duten asteburuetan entrenamendu fisikoak egiten dituzte. «Orain irabazten dudan diruaren bi heren bakarrik eskainiko balidate entrenatzeko bakarrik, ez nuke segundo erdia ere pentsatuko. Eta seguru nago errendimendua bi bider hobetuko zela».

Brust ere irakaslea da, gorputz heziketakoa. Onartu du «sakrifizio anitz» egin behar dituztela goi mailan jokatzeko, baina nabarmendu du hori «bizitzan behin» egin ahalko duela. «Nire ustez, balio du bizitzaren parte honetan hori egitea, eta gero ukanen dugu denbora beste momentu batean baliatzeko».

Hala ere, errugbitik bizi ez badira ere, emaitza ezin hobeak lortu dituzte gorengo mailan, eta talde lehiakorra osatzea lortu dute. Pauline Bourdon uztartze-erdilaria da taldeko izarra. Frantziako Federazioarekin kontratua duen 26 jokalarien zerrendan dago,—AS Baionako bakarra—. Limoges hirikoa da (Frantziaren erdialdea), eta, jaioterrian formatu ondoren, 2013an fitxatu zuen Lapurdiko taldeak. World Rugby Awardsek bi urtez jarraian izendatu du munduko bortz jokalari onenen artean. «Oraintxe jaso du aurreko urteko Frantziako Federazioaren jokalari onenaren saria;selekzioan titularra da, gainera, oso postu garrantzitsu batean, eta hemen guretzako oso garrantzitsua da bera egotea edo ez egotea», azaldu du Jaurenak.

AS Baionak baditu jokalari gehiago Frantziako selekzioarekin aritu direnak. Errate baterako, Laurianne Lissar baigorriarra Rioko Olinpiar Jokoetan (2016) aritu zen zazpiko selekzioarekin, eta hamabortzekoarekin ere jokatua du. Brustek erran du taldeari «anitz» ematen diotela jokalari horiek. «Badute esperientzia, eta hori ez da kentzen ahal talde bati».

Brust eta Jaurena kontent daude biak egiten ari diren denboraldiarekin. Baxenabartarra min hartuta dago, joan den hilean Espainiako selekzioarekin jokatu zuen lagunarteko partida batean eskua xehatu zuelako. Agudo osatzea espero du. Jaurenak erran duenez, bi jokalariek «nahiko leku sendoa» lortu dute taldean.

Biek hagitz ibilbide ezberdinak izan dituzte taldekide bihurtu ziren arte. Brustek etxean jaso zuen errugbiarekiko zaletasuna, baina unibertsitatean hasi arte ez zuen jokatu. «Nesken talderik ez zen barnealdean; aurten sortu dute bat, Nafarroan. Aski fite hasi nintzen [AS Baionako] lehen taldearekin jokatzen, eta nire hirugarren urtean txapeldun izan ginen bigarren mailan».

2016-2017 denboraldian izan zen hori. Hurrengo sasoian fitxatu zuten Jaurena, Elite 1ean egin zuten lehenbizikoan. Elite 2 Mailan ere sasoi bat egina zuen AS Baionarekin, 2013-2014an. 2006an hasi zen jokatzen senior mailan, Iruñeko La Unican, eta hamalau urte beteko dituen ibilbidean, Getxon aritua da lau denboralditan. Urtebete ere egin zuen Zeelanda Berrian. «Nire ametsa zen, eta aprobetxatu nuen». Orain, «pribilegiatu» sentitzen da AS Baionan, «etxean bizi eta horrelako mailan» jokatu ahal duelako.

Espainiako selekzioan

Taldea partekatzeaz gain, nazioarteko ibilbidea ere partekatzen dute Brustek eta Jaurenak, Espainiako selekzioan ari baitira biak. Baztandarrak 2013an egin zuen debuta Espainiarekin. Brustek, berrikiago. Bitxia da haren kasua, Nafarroa Beherekoa baita. «Amatxi Iruritakoa dut [Baztan, Nafarroa Garaia], eta ez dakit nola jakin zuten. Nire deitura ez da ez euskalduna, ez espainola; alemana da». «Luze pentsatu ondoan» onartu zuen Espainiako Federazioaren eskaintza. 2021eko Zeelanda Berriko Munduko Koparako sailkatzeko helburua dute Jaurenak eta Brustek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.