CSKA Mosku 82-78 Kirolbet Baskonia

Besteei eskerrak

Moskun galdu arren, Euroligako final-laurdenetan da Baskonia. Atzoko aurkaria, CSKA Mosku, izango du kontrario kanporaketan Velimir Perasovicen taldeak

ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
CSKA Mosku. De Colo (11), Hackett (11), Bolomboy (5), Kurbanov (9), Hunter (2) —hasierako bostekoa—Peters (4), Sergio Rodriguez (6), Clyburn (16), Higgins (14) eta Hines (2).

Kirolbet Baskonia. Vildoza (5), Garino (4), Shields (12), Voigtmann (10), Poirier (12) —hasierako bostekoa—Huertas (17), Diop (6), Gonzalez, Xengelia (6) eta Hilliard (6).

Markagailua. 17-21, 40-44 —atsedenaldian— 55-66, 82-78.

Epaileak. Ryzhyk, Jovicic eta Laurinavicius. Kurbanov kanporatu dute bost falta egiteagatik. Bestelakoak. 5.437 ikusle Moskuko Megasport Arena pabiloian.

Anadolu Efesekin zorretan da Kirolbet Baskonia. Turkiako taldeak 101-95 irabazi zion Armani Milani, eta horri esker Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldea Euroligako final-laurdenetan da. Izan ere, arabarrek ez zituzten etxeko lanak egin Moskun. Azken laurdenari 11 puntuko abantailaz ekin arrean, behera egin, eta CSKAk 82-78 irabazi zuen. Gero, Zaligirisek 86-93 hartu zuen mendean Real Madril, eta hala Baskoniak zazpigarren amaitu du liga erregularra. Beraz, atzoko aurkari bera izango du kontrario kanporaketan: CSKA Mosku.

Atzokoan, azken laurdenean egin zion ihes garaipenak. Laurden horretako emaitza argigarria izan zen: 27-12. Garinok eta Xengeliak jokatzeko aukera izan zuten arren, nekeak zamatu zuen talde arabarra. Baina baita ere epaileen jardunak. Baskoniari dozenaka falta adierazi zizkioten,tartean bi kirolez kontrako eztabaidagarri Xengeliari. Partidako azken txanpara lau faltekin ailegatu ziren Vildoza eta Poirier, eta hirurekin Huertas. Horrek guztiak eraginda, Baskoniak koska bat jaitsi zuen defentsa.

Huertasek aulkian eman behar izan zituen lau bat minutu, eta ederki igarri zuten arabarrek. Hura izan zen Baskoniako jokalaririk onena atzoko partidan. 17 puntu sartu zituen, tartean hiru hiruko. Baina horregatik baino gehiago, bigarren laurdenetik aurrera taldearen jokoari zentzumen eta patxada egokia eman ziolako nabarmendu zen.

Azken minutuetan Baskonia argitasunik gabe aritu zen erasoan. Hori ederki baliatu zuten etxekoek 11 puntuko aldea jaten joateko, eta neurketa iraultzeko. Hala, partidako ia minutu gehienetan atzetik joan eta gero, amaitzeko lau minutu falta zirenean CSKA aurretik jarri zen: 70-71. Hortik aurrera Baskonia kontrakarrean aritu zen. Ohikoak dituen lehia eta lana izan zituen, baina ez ziren nahikoa izan, eta 82-78 galdu zuen.

Laugarren laurden hori iritsi arte, dena den, oso partida ona eta duina egin zuen Baskoniak. Hasieratik CSKA baino intentsitate handiagoz atera zen, eta sei puntuko errenta lortu zuen: 10-16 (8. min). Baina etxekoek, Perasovicen taldearen baloi galerak eta banakako jokaldietan duten gaitasuna baliatuz, eutsi egin zioten, Hackettek gidatuta.

Bigarren laurdenari lau puntuko aldeaz ekin zion Baskoniak. Huertasek hartu zuen taldea zuzentzeko ardura. Brasilgo joko antolatzaileak bost puntu sartu zituen erreskadan, eta artean izan zuen alderik handiena eman zion Baskoniari: 25-32 (13. min). CSKA, gainera, ez zebilen ohi duen bezain eraginkor erasoan. Baina Moskuko taldeak gutxi behar du saskiratzeak egiteko, eta 2-8ko partzial bati esker bi puntura jarri zen (33-35 , 17.min). Baskoniak sufritzen jakin zuen minutu horietan,eta berdin jarraitu zuen lanean. Horri esker, lau puntuko aldea mantendu zuen atsedenaldian: 40-44.

Ikusgarria izan zen arabarren hirugarren laurdena. Jokaldi gehienetan aldeko zerbait ateratzea lortu zuen, eta errenta handitu ztuen. Laurden hori partidako alderik handienarekin amaitu zuten: 55-66. Hor iritsi zen Baskoniaren txakalaldia eta porrota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.