Balentziagaren obraren ondare izaera aldarrikatu nahi du museoak

Jostunaren mende erdiko ibilbideko sorkuntzak erakutsiko ditu Getariako zentroak, erakusketa handi batean. Martxoan irekiko dute

Getariako Balentziaga museoan dagoen piezetako bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Cristobal Balentziagak 1917an ireki zuen bere aurreneko atelierra, Donostian, eta 1968an hartu zuen erretiroa, joskintzan maila gorena eta nazioarteko aditu zein lankideen aitortza irabaziak zituela. Mende erdiko ibilbidean sortu zituen obren ondare balioa nabarmendu nahi du Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoak aurten, moda sortzaileak bere etxeak itxi zitueneko urteurrena ez ezik Ondarearen Europako Urtea ere baden 2018an. Erakusketa handi baten bidez egingo du hori, besteak beste. Balenciaga. Iraultza eta legatua behin-behineko izena jarri diote erakusketari sustatzaileek; martxoaren 24an zabalduko dutela iragarri dute, eta heldu den urteko urtarrilaren 27ra bitarte egongo dela zabalik.

Ibilbide diakroniko bat proposatuko du erakusketak, jostunaren hastapenetako erreferenteetatik hasi eta Parisen sortu zuen azken bildumaraino, haren sormen lanaren garapena agertzeko. 90 pieza inguru bilduko dituzte, eta 900 metro koadroko eremuan antolatuko. Obra horien ondare izaeraz gogoeta eginarazi nahi dio horrela museoak publikoari.

Horrez gain, nazioarteko sei eskolatako hainbat sortzaile gaztek Balentziagaren lanei buruz egindako interpretazioak erakutsiko dituzte beste erakusketa batean, maiatzean zabalduko dutena. Guztira, 150 ikaslek parte hartu dute egitasmoan, eta horien 30 bat proiektu hautatuko dituzte.

Joan den urtean 51.300 bisitari jaso zituen museoak, aurreko urtean baino %14 gehiago. 1,6 milioi euroko aurrekontuarekin ekingo dio urteari zentroak, aurreko urtean izan zuena baino %4 handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.