Denei eta denari egin dio tokia

Hibai Etxebarria musikariak zuzendutako proiektu kolektiboaren lehen lana kaleratu dute. 32 artistak parte hartu dute. Estreinako diskoa lau abestiz osatutako bi atalek osatzen dute, eta musikariak beste lau atal iragarri ditu

Hibai Etxebarria da proiektu kolektiboaren ardatza. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Itxurek sarritan engainatzen dute, eta horregatik ezin daiteke proiektu bat azalagatik epaitu. Horren adibide da Hibai Etxebarria musikari eta konpositore gernikarrak aurkeztutako Triptics diskoa. Gernikarraren estreinako lanaren atzean proiektu handi bat ezkutatzen da. Handia da 32 musikarik eta artistak parte hartu dutelako, eta handia da kasik musika estilo guztiak aurki daitezkeelako lehen laneko zortzi kantetan. Musikariaren esanetan, «datorrenaren atarikoa» da Triptics (Gaztelupeko Hotsak).

Etxebarriak eskarmentu handia du musika munduan, baina beti beste proiektu batzuen atzean. Gogoratu du azken hogei urteetan orotariko estiloetan aritu dela: «Hip hopa, rocka, musika klasikoa, jazza. Pertsona oso eklektikoa naiz, eta beti mugitu izan naiz testuinguru ezberdinetan». Bere azken lana Aitor Etxebarria El_Txef_ A anaiaren alboan izan da. Hibai taldearekin, gidaritzari heldu dio lehen aldiz gernikarrak. Bere ibilbidea abian jartzeko, lau abestiko bi triptikok osatzen duten eta musikariaren hitzetan «oso eklektikoa» den lana aurkeztu du.

Handia zentzu guztietan

Eklektikotasun horrek proiektu«handia» egin duela azaldu du Etxebarriak: «Handia da zentzu guztietan, musika estilo eta musikari ugari biltzen dituelako». Konpositorearen esanetan, lehen lanak «ez du estilorik, edo estilo guztien jabe» da. Aniztasun horri ordena emateko asmoz, Etxebarriak diskoa «triptikoetan» banatu du. Reborn izeneko lehen kantu sorta folka, jazza eta country amerikarra nahasten dituen ingelesezko lau kantuz osatua dago. Bigarrena atalak, Gernikaldea izenekoak, euskarazko kantak eta musikariak jaioterrian bizitako esperientziak biltzen ditu beste lau abestitan.

32 musikarik parte hartu dute lehen diskoan, baina estudiotik gehiago pasatu direla azaldu du Etxebarriak. Hasieran, Etxebarriak berak grabatzen zituen instrumentu guztiak etxean, baina, diskoa osatzeko orduan, musikari ezberdinekin grabatzeko gomendatu zioten. Horrek bere onurak eta arazoak dakartzala azaldu du Etxebarriak: «Kalitateak gora egiten du, baina zailagoa da produkzio lana koordinatzea».

Kolaborazioen artean bereizi ditu, alde batetik, proiektuaren oinarri den zazpikotea: Carlos Sahi, Ander Gartzia, Enara Rodriguez, Alfredo Varela, Gotzon Ereño, Iraide Ansorena eta Etxebarria bera. Bestetik, estudiotik pasatu diren 32 musikariak. Etxebarriak onartu du gustatuko litzaiokeela 32 artista taularatzea zuzenekoetan baina zaila izango litzatekeela koordinazio aldetik. Hori dela eta, zuzenekoa formatu ezberdinetan landuko dute: zazpikotea, jazzekoa hirukotea, talde folkloriko txikiagoa, bakarka eta orkestra osoa. «Taldea oso malgua da estilo eta formatu aldetik», azpimarratu du musikariak.

Paradigma aldaketa

Diskoaren grabazioa ere malgua izan da, eta ohiko grabaketa prozesuetatik aldendu dela azaldu du gernikarrak: «Helburua ez zen epe jakin batean diskoa grabatzea. Estudioa proiektuaren parte da, eta abestiak sortzen ditugun heinean grabatuko ditugu». Zortzi abestiez gain, beste hamasei abesti ari dira lantzen orain. Kanta berriak triptikoen formatuaren bidez zabalduko dituela iragarri du musikariak.

Horren harira, proiektuaren funtsetako bat albumaren heriotza irudikatzea dela azaldu du Etxebarriak. «Jendeak musika segituan jaso nahi du. Diskoak maiztasun jakin batez ateratzeak jada ez du zentzurik. Paradigma aldatu da». Alde horretatik, abestiak sortzen eta triptikoak aurkezten segituko duela azaldu du Etxebarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.