KRITIKA. Artea

Eseri, ikusi, sentitu, gogoeta egin eta gozatu

Pertsona bat Donostiako Tabakaleran, Deborah Stratmanen Hacked circuit pieza ikusten. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun

'Hacked circuit'



Artista: Deborah Stratman. Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Ekainaren 30era arte.

Erakusketa hitza erabiltzen dugunean, areto asko irudikatzen ditugu normalean geure buruan, hirutik gora behintzat bai, eta areto bakoitza berriz piezez beterik. Horma bakoitzean zerbait esekirik, eta espazioaren erdigunean instalazio edo eskulturaren bat gutxienez. Erakusketa hitza erabiltzen dugunean, itxuraz, ia Diogenes sindromeak jotako espazio bat da irudikatzen duguna, agian, historikoki erakusketa guneak honela taxutuak izan direlako. Eta hala, oraindik ere, piezen pilaketarik ez duen erakusketa bat irudikatzea ere kosta egiten zaigula dirudi, halakorik ere baden arren. Honako proiektua, adibide. Erakusketa hitzaren beraren esentzia kontuan hartuz egin dute; alegia, erakustearen ekintza edo jarduera da bertan egiten dena, kopuruaren handitasun nahian erori gabe; sinpleki obra bat da erakusten dena: Deborah Stratmanen Hacked circuit.

Egungo gizarte kapitalistaren premisen arabera, gizartean guztiz barneraturik dugun kontzeptua da, zenbat eta gehiago izan —edozer dela ere— orduan eta hobe dela. Badirudi, erakusketak ere premisa horri jarraiki eraikitzen direla maiz, gizartearen eskakizunei nolabait erantzun nahian, eta nola ez, badirudi, zenbat eta pieza eta proiektu gehiago izan erakusgarri, orduan eta interesgarriagoa izango dela erakusketa. Baina kantitatea eta kalitatearen artean, ez dago horrelako erlazio sistematiko zuzenik, hori, erlaziorik baldin bada bien artean.

Ziurra dena zera da, kantitatea denborari atxikitzen zaiola kasu honetan: zenbat eta erakusketa handiagoak izan, orduan eta denbora gehiago behar izaten baita guztia behar den bezala ikusi, sentitu, eta hausnartzeko. Azken baldintza hau betetzeko aldiz, ez gara maiz prest egoten. Egunerokotasunean, geroz eta betebehar gehiago izaten ditugu, eta geroz eta denbora gutxiago izaten dugu aisirako, horren ondorioa da, maiz, erakustaretoak erakusleihoen modura behatzen direla: lehenengo aretoan sartu, derrigorrezko buelta eman horma guztiekiko paralelo ibiliz, eta lasterka bigarrenera gauza bera egitera; obren aurrean beharrezko geldialdirik egin gabe, hauen inguruan hausnartzeko denborarik ere hartu gabe, eta are gutxiago euren arteko erlazioen zergatiak eta nondik norakoak, edota sorrarazten dizkiguten sentsazioetan pentsatzeko. Egunerokotasunean, irudien bonbardaketekin ohiturik gaude, eta erakustareto batetara sartutakoan, bonbardaketa bera da guk ere geure buruarengan probokatzen duguna artelanen aurrean.

Kasu honetan ordea, proiektu honek bizi erritmo azkarrarekin bat egitea lortzen du, ala agian bat egitea baino gehiago ulertzea da lortzen duena. Horren aurrean, erakusketa ikaragarri bat proposatu ordez, loopean ipinitako bideo emanaldi bakarra proposatzen du. Tabakalerako Horma gunea da hau, eta bertan, hilero proiekzio ezberdin bat egoten da erakusgai. Bertara joan, lasai eseri, eta kasu honetan 15 minutuz, Hacked circuit ikusi, sentitu, hausnartu eta gozatzeko aukera eskaintzen da.

Kale baten grabazioarekin hasten da, ilun dago, ez da inortxo ere ikusten bertan, ez autorik, ez pertsonarik ere bidean. Espaloietako argiak pizturik daude. Berandu izango da, agian beranduegi. Gure herriko kale bat izan liteke, edo zure herrikoa bestela. Itxuraz, ez da deus gertatzen bertan, azalean, isiltasuna besterik ez. Baina itxaron pixka bat, izan pazientzia. Etxe batean sartu gara. Nirea izan liteke, edo zurea bestela. Sukalde txiki bat ikus liteke, Carverren kontakizunetako baten eszenaratzea dirudi, bertako objektuak behatzeko denbora nahikoa dugu, eta haien bidez, etxeko protagonisten ezaugarriak aztertzen hastekoa. Hala eta guztiz ere, horretan gabiltzalarikkale ilunak itzalarazten, ezkutatzen zuen hura bistaratzen zaigu pixkanaka-pixkanaka. Hain zuzen ere bertan ikusten den hori, itzalpean mantentzen baita normalean ere, guztion begi bistatik urrun. Foley estudio bat da. Alegia, arrazoi ezberdinengatik eszenen grabaketetan jasoak izan ez ziren soinuen birsortze gunea.

Honek guztiak gure behaketa moduaren inguruko hausnarketa sortzen du. Zer da izatez ikusten duguna, zer, entzuten duguna? Zer da ezkutarazten digutena, zer, erakusten digutena? Eta erakusten diguten guzti hori, nola erakusten dute? Itzalpean dagoena da maisutasunez Stratmanek argitara aterarazten duena, eta, era berean, zalantzan jartzen du argitaratua, erakutsia dagoen hori. Hala ere, ez da zertan soilikzinemaz, soilik bideo edo grabazioez ari, baizik eta ikusgarri, erakusgarri dagoenaz. Erakusketez,politikaz, gizarteaz ari liteke. Horretarako, ordea, eseri, ikusi sentitu eta hausnartu egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.