Literatura. 'Lisboako setioaren historia'

Historiaren fikzioan

Idazlea: Jose Saramago. Itzultzailea: Jon Alonso. Argitaletxea: Elkar.

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hamar urte dira aurten Jose Saramago hil zela, eta, urteurren horrekin bat, haren lan euskaratu bakarra berrargitalpen gaurkotu batean irakurtzeko aukera daukagu, Literatura Unibertsala bildumaren Urrezko Bibliotekan: Lisboako setioaren historia. Izenburuak bestela iradoki lezakeen arren, nobela peto-petoa da, historia-fikziotik heltzen diona Lisboako Erdi Aroko setioaren kontakizunari, eta fikzioratze hipotetiko horretan taxutzen duena eleberriaren markoa. Guztiaren abiaburu, premisa argumental aski xume bat dugu: Raimundo Silva testu-zuzentzaileak, Lisboako setioari buruzko historia-liburu bat zuzentzen ari dela, ustekabeko sormen-bulkada bati men egin eta historia bera antzaldatuko du, esaldi bati «ez» bat erantsita; hala, liburuak dio gurutzatuek ez dietela lagunduko portugaldarrei Lisboa hartzen. Horrek bi eremutan izango ditu ondorioak: batetik, Raimundoren arau-hausteak eragina izango du bere lanean, eta goitik behera inarrosiko dio bizitza; bestetik, Lisboako setioaren historia bestelakotu hori ere leituko dugu haren istorioaren barruan.

Halatan, argumentua bi maila horietan sardetzen da, zeinak, halere, ez baitaude errotik bereizirik, eragina dute-eta, ezinbestez, batak bestean. Esate baterako, Lisboaren geografia bi planoon arteko zubi moduko bat da, non Raimundok hiri setiatua ikusten baitu, edo berriz sortzen, asmatzen... Geografia horretan, badira zenbait irudi eta metafora plano batetik bestera jarduten direnak, eta bataren eta bestearen arteko oihartzunak ere ez dira urriak. Are gehiago, bat egite hori oso maila sakonean gertatzen delakoan nago: izan ere, bi planoetan nabarmentzen da ezen ekintza miko batek, itxuran ezdeusa izanagatik, aurreikusi ezinezko ondorio saihetsezinen soka luze bat dakarrela, zeina kreazio-une jakin horretaraino bil baitaiteke. Halabeharra eta sorkuntza, azken buruan.

Kontaeraren aldetik, narrazioa zaildu egiten da, zeren bi plano horiei beste bat eransten baitzaie, argumentutik kanpokoa, nolabait autoerreferentziala edo metaliterarioa, hots, nobelari berari eta haren barruko testuei dagokiena; horrek eleberri osoa gandutzen du, eta kontamolde tradizionaletik askatzen. Baliteke zail samarra ere egitea irakurleari, kontaera trinko horri idazkera landu bat eransten baitzaio, zeinak sintaxia pilatzen baitu, eta puntuazioarekin perpausak artifizialki luzatzen paragrafo luzeetan barrena. Digresioa ere barra-barra dauka, bai eta Thomas Bernharden errepikapen-estiloaren oihartzunik ere. Hona adibide on bat: «Raimundo Silvak pentsatu zuen, Pessoa txiki baten antzera, Erreko banu, zigarroa piztuko nuke, ibaiari begira, dena lausoa eta anitza dela pentsatuz, baina erretzen ez dudanez, dena, benetan, lausoa eta anitza dela baizik ez dut pentsatuko, baina zigarrorik gabe, nahiz eta zigarroak berak, halakorik erreko banu, adieraziko lituzkeen, berez, gauza guztien lausotasuna eta aniztasuna, dena kea bezalakoa dela, erreko banu».

Azkenik, balorazio gisa, badut zalantza apur bat Saramagoren proposamen estetikoarekin; izan ere, nobelak nahiko kontaera eta estilo arroztuak ditu, baina ez dakit haustura formal hori noraino datorren bat istorioarekin berarekin, eta ez ote dituen gehiegi urruntzen forma eta edukia, testua hala zamaturik eta irakurtzeko esperientzia beharturik. Agerikoak dira nobelaren kalitatea eta bertute literarioa, baina beharbada bazegoen, nire ustean, forma gehixeago nahasterik nobelaren ama-orean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.