Koronabirusa

EH Bilduko alkateek elkarlanean jarduteko eskatu diote Jaurlaritzari

Pandemiaren aurkako kudeaketan bakarrik eta informaziorik gabe sentitu direla salatu dute

Xabier Alvarez de Arkaia, Adur Ezenarro eta Itziar Biguri alkateak atzoko agerraldian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat herritan COVID-19 gaitzaren agerraldiakizan dira egunotan, eta tokiko agintariek izan dute kudeaketaren zamaren zati handi bat. Alarma egoera amaitu zenetik, birusaren oldarraldia bizi izan zuen lehen udalerrietakoa izan zen Ordizia (Gipuzkoa). Atzo, prentsaurrekoa eman zuen Adur Ezenarro alkateak, EH Bilduk gobernatzen dituen udaletan koronabirusaren harira egin duten hausnarketen berri emateko. Ezenarrorekin batera izan ziren Xabier Alvarez de Arkaia Urkabustaizko (Araba) alkatea, eta Itziar Biguri Urduñako (Bizkaia) alkatea. Pandemiaren aurkako kudeaketan Eusko Jaurlaritzak udalerriak ez dituela aintzat hartu adierazi zuen Ezenarrok agerraldian, eta kudeaketan «bakarrik» sentitu izana nabarmendu zuen.

«Auzolanean» eta «gardentasunez» aritzeko garaia dela adierazi zuten alkateek Donostian, baina Eusko Jaurlaritzaren partetik«abandonaturik» sentitu direla salatu zuten: «Gu lanean ari gara gure udaletan, erantzukizunez, dagozkigun eskumenak baliatzen, baina bakardadean ari garen sentipena dugu». Udalengan konfiantza handiagoa izan dezan eskatu zion koalizioak Jaurlaritzari, eta «behingoz» elkarlanean aritzeko galdegin zion: «Hala eginez gero, detekzioan, prebentzioan eta babesean askoz eraginkorragoak izango gara».

Agerraldiak hasi zirenez gerotik, Jaurlaritzaren informazioa falta izan dela salatu zuten.Alkateek azaldu zuten komunikabideen bitartez jaso dutela azken egunetan haien udalerrietan izan duten egoeraren berri, eta baita Jaurlaritzak hartu dituen hainbat neurriren berri ere. Horregatik, «informazio gardena» eskatu zion Ezenarrok Osasun Sailari.

Hain zuzen ere, alkateek gaitzetsi egin zuten udalerrietan eragin zuzena duten hainbat erabaki udalekin kontrastatu gabe hartu izana, eta nabarmendu zutenezinezkoa dela egoerari «aldebakartasunez» aurre egitea: «Gure iritziak, irizpideak, baina batez ere baliabideak kontuan hartu gabe erabakiak hartzea ez da eraginkorra».

Esaterako, larunbatean, udalekuak bertan behera uzteko eta eguneko zentroak ixteko agindua eman zuen Jaurlaritzako Osasun Sailak, «modu nahasgarrian», alkateen iritziz. Horren harira, hainbat gogoeta plazaratu zituzten koalizioko alkateek. EH Bilduren ustez, Jaurlaritzak bere eskumenekoak ez diren eremuetako erabakiak hartu ditu, eta udalei egokitzen zaizkien arduren gainetik jarri da.

Alkateon iritziz, Jaurlaritzaren neurriek familientzat oinarrizkoak diren zerbitzuak ixtea ekarri dute, eta, ondorioz, zaintza ardurak etxeetara itzuli dira, kontziliazioa «eragotziz» eta pertsona horien behar bereziak «kontuan hartu gabe».

Horri aurre egiteko, EH Bilduk beharrezkotzat jo du babeserako eta zaintzarako neurriak lehenbailehen aktibatzea. Eguneko zentroak premiaz irekitzeko beharra nabarmendu zuen Ezenarrok, tokiko errealitate immunologikora egokituta, betiere, eta zentroetako baldintza materialak eta profesionalak hobetuta. Haurren zaintzarako neurriak ere «ezinbestean» aktibatzeko eskatu zuen, eta «plangintza integral bat» martxan jartzeko, tokian tokiko beharrei egokitua eta haurren eta hezitzaileen osasun bermeak kontuan hartuko dituena.

Aztarnarien beharra

Udazkenean etor litekeenarekin kezkatuta agertu ziren alkateak. Ezenarrok adierazi zuen elkarlanean aritu ezean «ezinezkoa» izango dela. egoera are zailago bati aurre egitea. Koalizioko alkateen ustetan, positiboak atzematen direnean hasten da benetako kudeaketa, eta, orduan, beharrezkoak dira udalak; «herritarrengandik hurbilen» dauden erakundeak direlako. «Agerraldi batek indarra hartzen duenetik, tokiko erakunde eta udal langileekin koordinatuta lan egiten ez bada, sinetsidazue, ezinezkoa da», adierazi zuen Ezenarrok.

Kasuen jarraipena egiten diharduten aztarnarien lantaldeak indartzeko ere galdegin zioten alkateek Jaurlaritzari. Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi du asteon 180 aztarnari ari direla lanean kutsatuen kontaktuak atzematen, baina, EH Bilduren ustez, «ez dira aski»: «Ezinbestekoa da premiaz gutxienez 70 aztarnari gehiago kontratatzea eta, udazkenera begira, kopuru hori are gehiago igotzea». Ezenarrok azaldu zuen aztarnariak lanez lepo dabiltzala uneotan, eta jendea testak egin zain dagoela. Herriren batean kutsatze komunitario bat gertatzen denetik, aztarnarien lana udalekin koordinatzeko baliabideak «ezinbestekoak» direla azaldu zuten agerraldian alkateek. Kutsatze kateak eteteko, kudeaketa bertako langileekin batera egin behar dela gehitu zuen Ezenarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.