Albistea entzun

Estatus politikoari buruzko galdeketak. Iritziak. GOIERRI

Egin ariketa bat

Mikel Alvarez Sarriegi - Kazetaria

2016ko ekainak 7

Ez da erraza izaten beti norberaren akatsez konturatzea. Bada, ordea, oso ariketa osasuntsua egunero egiten eta normaltzat jotzen ditugun jarrera okerrak atzeman eta gerora, nahi izanez gero, aldatzeko. Sinplea da: beste norbait gauza berberak egiten ikustea.

Hego euskal herritarra izaki, Espainiar Estatua dut erreferentziazko estatu; esperimentu zientifikoetarako erreferentzia, ez erreferentzia ideal (ez hasi bazterrak nahasten, hasi besterik ez naiz eta egin). Hori dela eta, herri moduan ditugun jarrera batzuk hoztasunez aztertu nahi ditudanean, espainolek nola egiten duten begira jartzen naiz. Adibidez, nire herrian ikurrin erraldoi bat jartzen dutenean, Toledon ikusi nituen bandera espainol haiek sorrarazi zidaten ezinegonaz gogoratzen naiz. Edo… Herrigintza helburu, edozein ekitaldi txalapartari, bertsolari edo trikitilariz betetzen dugunean, 92ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldian atera zituzten sevillana eta bailaoreak etortzen zaizkit burura. Eta horrela egun osoan (sinplea da, baina ez dut esan atsegina denik).

Ezberdin ikusten dira gauzak ariketa hori egin eta gero, ezta? Bai, hainbeste kritikatu ditugun, kritikatzen ditugun eta kritikatuko ditugun espainolen akats berberetan erortzen gara. Nire identitate nazional edo kolektiboa asea dut Euskal Herriak eskaintzen dizkidan elementuekin, eta eroso sentitzen naiz identitate horrekin. Bada bidea, ordea, hortik abertzale izan edo patriota sentitzera (sentitzen dut, baina horixe da itzulpena inguruan ditugun hizkuntza guztietan).

Gure herriaren etorkizuna erabakitzen hasteko aukera ederra dugu ekainaren 5ekoa, baina are garrantzitsuagoa da balizko euskal estatu hori nola eraikiko dugun eta nolakoa nahi dugun erabakitzea. Nik, adibidez, nahiago nuke giza eskubide eta justizia sozialaren inguruan eraikitako estatu bat, bandera baten inguruan eraikitako bat baino (egin ariketa berriz, eta berreskuratu une batez Valladoliden «yo soy español, español, español...» kantatzen jasan behar izan zenuen kuadrilla hura. Listo, ezaba dezakezue zuen buruetatik berriz, lasai). Estatu berri bat sortzeko aukera badugu, baliatu dezagun aukera gainontzekoen akatsetatik ikasi eta hobeto egiteko, ezta? Edo zer?

Askotan entzun dugu Espainiako Gobernua independentistak sortzeko makina hutsa dela, eta egia galanta da. Eta zergatik gertatzen da hori? Beraien barnean, espainola izateko modu bakarra onartzen dutelako: beraiek bezalakoa, hain zuzen ere. Eta nora noa honekin? Egin dezagun ariketa berriz, eta azter dezagun balizko Euskal Estatuaz hitz egitean dugun jarrera. Bai, guztiok berdinak bagina moduan irudikatzen dugu, guztiok sagardotegira joatea gustuko izango bagenu moduan, edo inork BECeko finala galdu nahi ez balu moduan. Are gehiago, egun batean independente izatea lortuko bagenu, inor espainol sentituko ez balitz moduan.

Horregatik pizten du, hain zuzen ere, ilusioa nire barnean galdeketek. Ezberdin pentsatzen duen jendea elkarrekin lanean ikusi dudalako lehen aldiz, garrantzitsuena ez delako bai edo ez, baizik eta oinarrizko eskubide bat defendatzen ari garela. Ezetz bozkatuko duenak ere Euskal Herria erabaki subjektu onartzen duelako, nahiz eta ez den Kilometroetara joango ikurrindun txapela buruan duela. Ikas dezagun esperientzia honetatik, eta zaindu ditzagun igandean bozkatzera joan eta gutun-azalean ezezkoa sartu zutenak. Neurri batean, gu baino ikuspegi zabalagoa dutelako eta balizko Euskal Estatua beraiekin erakiko dugulako. Ezberdinen artean eraikitako eremuak osasuntsuagoak direlako beti. Bai, egin ariketa azken aldiz, mesedez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©EUSKALTZAINDIA / BERRIA

Pentsalari poliedrikoa

Igor Susaeta

Federiko Krutwigen jaiotzaren mendeurrena da gaur. Erreferentziazko intelektuala izan zen, eta haren ibili oparoko lan garrantzitsuenetako bi dira Euskaltzaindia berritzeko proposamena 1949an, eta ETAren V. Biltzarreko txostenak.

Justizia errestauratiboaren alde egin du Artolazabalek

Berria

Biktimek eta espetxe ereduak ez dutela zertan antagonikoak izan adierazi du Eusko Legebiltzarrean
Hamaika Gara kanpainaren agerraldia atzo Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ/FOKU

Mobilizaziora deitu du Gure Eskuk, Bilbon

Maialen Arteaga

Uztailaren 3an egingo da, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza «politiko eta kulturala»izango da. Hamaika Gara sinadura bilketatik abiatuta, beste egitasmo batzuk hasiko dira gaur zortzi

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.