ANALISIA

Podemosen hautua

Enekoitz Esnaola -

2015eko martxoak 20
Aldaketa soziala» nahi du EAEko Podemos Ahal Dugu-k ere. Instituzioetan nola joan hori lortuz, akordioak egiteke?

Hartu udal hauteskundeak, Donostiakoak edo herri koskor batekoak, eta demagun hauek eskuratu dutela ordezkaritza: EH Bildu; EAJ; Podemosek sustatutako alderdia,«herritar batasuneko» hautagaitza edo hautesle elkartea; PSE, eta PP. Hautatutako zinegotzi guztiak izan daitezke alkategai; inbestiduran, alkategaiek hautetsien artean gehiengo osoa behar dute kargua lortzeko; inork ez badu gehiengo osorik, udal hauteskundeetan boto gehien izan duen hautagaitzako burua bihurtuko da alkate. Jo dezagun EH Bilduk jaso duela udalerri horretako bozetan herritarren boto gehien, baina gehiengo osorik erdietsi gabe —Gipuzkoarako eta toki askotarako ez dirudi adibide irreala denik—, eta inbestidurako bozketa bakarrean ez duela beste inoren babesik gehiengo osorako, besteak beste Podemosek sustatutako hautagaitzak ez duelako busti nahi. Baina jo indar galtzaileen artean ez dela eratu gehiengo absoluturik, besteak beste Podemosen hautagaitzak bere buruari eman diolako botoa. Beraz, EH Bildukoa alkate. Legealdian, Ahal Dugu-koak bere barruan dituen hautagaitzak lortu ahal izango lituzke unean uneko akordioak EH Bildurekin, politika sozial eta ekonomikoan ez duelako ematen alde handirik dutenik: aurrekontu aurrerakoiak, gardentasunerako urratsak, herritarrak ahalduntzeko egitasmoak, zor publikoari buruzko neurriak... Desio duen aldaketa sozialerako lanabesa eta norabidea lituzke.

Hartu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru hauteskundeak. Orain bi aste erabaki zuenez, bere markarekin izango da Podemos-Ahal Dugu, udalekoetan ez bezala. Ahaldun nagusia hautatzeko sistema desberdina da, ordea. Aurreneko bozketan hartarako aurkeztutako hautagaiek batzarkideen gehiengo osoa erdietsi behar dute. Halakorik ezean, bigarrenez egingo dute bozketa, eta batzarkideen artetik boto gehien batzen duena izendatuko dute diputatu nagusi. Hartu, adibidez, Gipuzkoa, eta demagun ordezkaritza dutenak EH Bildu, EAJ, Podemos, PSE eta PP direla, EH Bildu dela indar nagusia, baina ez duela gehiengo osorik —ez dirudi adibide irreala denik—. Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak esan du Batzar Nagusietako inbestiduran beren buruari emango diotela botoa. EAJk eta PSEk «erakundeen egonkortasunerako» itun garrantzitsua sinatua dute, eta, Gipuzkoan aipatu egokiera suertatuz gero, gehiengo sinple bidez diputaziora heltzeko aukera handia lukete; gainera, ezin da baztertu PPk doako babesa ematea, horrek EH Bilduri boterea hartzea galarazten badio. (Ikusi beharko da hori EAJrentzat zenbateraino litzatekeen zama 2015-2016rako: bake lantaldea, estatutu berria, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak).

Kasu horretan, kastatzat jo dituenak boterean egonda —Pablo Iglesias: «EAJ ere kasta da: haren aberri bakarra dirua da»—, Ahal Dugu-k zer itxaropen luke legealdian «aldaketa sozialerako» neurriak onartzeko? Haren —Gipuzkoako— jendearen foru botoak baliagarriak al lirateke?

Abenduan, sare sozialetan, kartel bat ibili zen asko dantzan: Ahal Dugu-ren ingurutik sartutakoa zen, eta, PPko ugarirekin-eta batera, Izagirre Donostiako alkatea ageri zen, kastatzat jota. Ahal Dugu-k berak gero zuzenketa egin zuen: Izagirre ezin zela hala hartu, eta haren irudia kendu zuen. Txikikeria bat izan zen. Traola zen han aintzat hartzekoa: #2015empiezaelcambio (#2015hasiadaaldaketa). Ahal Dugu ere, aldaketa esatean, oroz gain Espainiako Estatuko aldaketaz ari da. Baina hori, hastekotan, urte bukaeratik aurrera hasiko da, Kongresuko bozetatik aurrera. Bitartean, EAEko Ahal Dugu, kontraesanak administratzera. Ala?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna