Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Euskara enplegatu

2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Pauso pisuzko baten berri eman du aste honetan BERRIAk: langabezian daudenei doako euskara eskolak eskaintzen hasi da Eusko Jaurlaritza, Lanbideren eta HABEren bitartez. Hiru esparrutan abiatu dira ikasturte honetan —merkataritzan, ostalaritzan eta arlo soziosanitarioan—, eta asmoa dute datorren ikasturtean eremu guztietako langabeei eskaintzeko ikastaroak. 92 lagun ari dira gaur egun euskara ikasten proiektu horren bidez, eta uste izatekoa da kopuru hori nabarmen handituko dela aurrerantzean, esparru gehiagotara hedatuta.

Egia da gisa bereko egitasmoak indarrean dituztela zenbait herritan —Donostian, adibidez—: udalek doako euskalduntze ikastaroak eskaintzen dizkiete langabeei. Izatez, hortik iritsi da Jaurlaritzaren urratsa: horrelako ikastarorik ematen ez duen hiri bateko herritar bat kexatu zen Arartekoarenean —bilbotar bat—, ez ziotelako aukera jarri, eta Arartekoaren eskariaren ondoren sartu dute euskalduntzea Lanbideren eskaintzan. Esanguratsua da, bi aldetatik: ezartzeko modua —erakunde batzuen jardun eredugarria beste batzuetara hedatu da— eta tartean izan direnak —herritar baten ekimena, Arartekoak bultzatua—.

Aurrerapausoa da urratsa bera ere. Langabeentzako prestakuntzan euskara ikastea sartuko da, eta doakoa izango da. Doakotasunarena euskalgintzaren urteetako aldarria da. Hain justu, Lanbidek ezarritako baldintzen araberako doakotasuna: azterketak ez, baizik eta asistentzia eta ikastaroaren aprobetxamendu egokia izatea doakotasun irizpideak.

Ikastaroak zergatik eman, zera esan du Jaurlaritzak: langile elebidunen eskaria gero eta handiagoa dela, eta, beraz, euskara ikasita hobetu egiten dela langileen «enplegagarritasuna». Alegia: euskara jakiteak ateak irekitzen dituela. Administrazioko hizkuntza eskakizunen berrikusketa martxan jarri duten honetan, ez da ezkutuan uzteko mezua. Administrazioan ere euskarazko zerbitzua jasotzeko eskaria gorantz ari baita. Osakidetzak asteon eman du zenbakia: herritarrei galdezka hasi dira zer hizkuntzatan jaso nahi duten zerbitzua, eta, oraingoz, %29k eskatu dute euskaraz artatzeko. Aintzat hartzeko moduko datua da, kontuan izanik 16 urtetik gorako herritarren %34 eskas direla euskaldunak —inkesta soziolinguistikoko datua da—. Erakusten du euskaldunek euskaraz jaso nahi dutela zerbitzua.

Elkarlan hotsak gero eta ozenago entzuten diren garaiotan, abiapuntu bat jarri du Lanbiden emandako pausoak. Batetik, euskaraz ikasteko eskubideari buruzkoa; bestetik, Lanbiden bertan pauso gehiago emateari buruzkoa, lanbide prestakuntzako ikastaroak euskaraz emateari buruzkoa. Langabeen «enplegagarritasunaren» mesederako ez ezik, hizkuntzaren beraren osasunerako ere urratsa litzateke hori. Lan munduan baitauka euskarak irabazi beharreko esparruetako bat. Elefanteetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.