Nerea Zusberro Alberro.
Qatarko Munduko Kopa. HARMAILATIK AULKIRA

Ezinbesteko bakarra

2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun

Frantziako selekzioan jokatzeak ekosistema konplexu baten parte izatea dakar. Urteak dira arraza eta elkarbizitza arazoek astintzen dutela Frantziako aldagela. Esaterako, azken hamarkadako jokalaririk onena, Karim Benzema, sei urtez egon zen deialdietatik kanpo. Hura gabe, munduko txapeldun izan ziren 2018an. Ez da harritzekoa, talentuari dagokionez herrialdea garai bikain batean baitago.

Hutsune askorekin iritsi dira Qatarrera: Nkunku, Kimpembe, Pogba, Kante, Lucas Hernandez, Benzema... Hala ere, Munduko Kopa irabazteko hautagai argia da. Baina ezinbesteko jokalari bakarra dute beren talde jokoak funtziona dezan. Antoine Griezmannek selekzioa batzen du. Oso fisikoa den defentsa bloke baten eta pausatzen ez dakien erasoko lerro baten artean bizi da, eta hura bakarrik da gai lotura egiteko.

Eraso posizionalean Frantziak 4-2-3-1 sistema dauka, eta bertan Antoinek mugitzeko askatasuna du. Jokoaren bi unetan ezinbestekoa da. Lehenik, jokaldiaren hasieran. Erdilariengandik gertu dago, baita ezker hegaletik ere. Bertan biltzen du taldea, irteera bermatzeko. Bigarrenik, aurkarien lerroen artean kokatzen da, eraso bikaina garatzeko. Hor, bi aukera ditu: Dembele bilatu alde ahulean, edo Mbappe aurkitu defentsa lerroaren bizkarrean.

Defentsa posizionalean ere ederki moldatzen da. Erasoko jokalari gutxik ulertzen dute pase lerroen itxiera Antoinek bezala. Gainera, funtsezkoa da defentsa transizioan, ez bakarrik estalduretan, baita jaurtitzaileari egiten dion presioan ere, kontraerasoak eragozteko.

Telebistak ez dira haren bila ibiltzen, eta golak Mbappek sartzen ditu, baina Griezmann da Frantzia talde sendo bihurtzeko jokalari ezinbesteko bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.