Nerea Zusberro Alberro.
Qatarko Munduko Kopa. HARMAILATIK AULKIRA

2010a gogoan

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ghanak eta Uruguaik 2010eko Munduko Kopan topatu zuten elkar. Final-laurdenetan izan zen. Ghanak bere historiako jokalari-sortarik onena zuen, eta Munduko Txapelketa bateko finalerdietarako sailkatzen zen lehenengo talde afrikarra izateko lehiatzen zen.

1-1 berdindu, eta luzapenera iritsi ziren. 121. minutuan, azken jokaldian, Luis Suarezek, atepetik, Ghanaren errematea eskuarekin atera zuen. Epaileak txartel gorria atera zion, eta penaltia adierazi zuen. Gyanek huts egin zuen, eta Uruguai sailkatu zen, hain zuzen ere, penaltietan.

2022. urtea. Uruguaik eta Ghanak badute zerbait komunean: biek nahiago dute kontraerasoan aritu, posizionalean baino. Diego Alonsoren taldeak oraindik ez du golik sartu Qatarren. Hortaz, erritmo handiko partida Ghanari komeni zaio. Portugalen aurka bost defentsako lerroarekin atera ostean, badirudi Uruguai bere ohiko 4-3-3ra itzuliko dela, Ghanak aurrera jotzen duten hegaleko atzelarien bizkarra bilatu ez dezan. Kontraerasoan, Ghanako jokalaririk aipagarriena Kudus da. Ajaxeko gazteak gaitasun handia du espazioekin baloia eramateko. Hala bi gol sartu zituen Hego Korearen aurka.

Egia da Uruguaik zailtasunak dituela atzetik hasita jokaldiak egiteko, baina Ghanaren aurka baloia edukita babestu beharko litzateke. Afrikarrek osatzen duten 4-2-3-1ean, erasoko lau jokalariak gora joaten dira presioa egitera, erdilariek ez diete laguntzen, eta tarteak sortzen dira. Lehen presio-lerroa gainditzen baldin badute, uruguaitarrek hiru biren kontra izango dituzte erdian, Fede Valverdek eta Bentancurrek aurrera egin ahal izateko.

2010ekoa oraindik gogoan, Uruguai eta Ghana aurrez aurre daude berriz, oraingoan Qatarko Munduko Kopako final-zortzirenetan postu bat lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.