KRITIKA. Zirkua

Eloize Far Westen

Agus Perez.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun

'Saloon'

Konpainia: Cirque Eloize. Zuzendaria: Emmanuel Guillaume. Zuzendari artistikoa: Jeannot Painchaud. Musika zuzendaritza: Eloi Painchaud. Eszenografia: Francis Farley. Jantziak: Sarah Bailleux. Soinua: Colin Gagne. Akrobazia-diseinua: Nicolas Boivin-Gravel. Koreografiak: Annie St.-Pierre. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Otsailak 19.

Akabo nahastea. 2000. urtean Cirque Eloize lehen aldiz ikusi nuenetik beti uste izan dut Eloize emakume izena zela, eta gaur jakin dut izen horrek Quebeceko Madeleine irletako frantsesean bero-tximista esan nahi duela eta irla haietakoak zirela konpainia sortu zuten kide guztiak. Irakurleak kokatzearren, esan daiteke zirku eszenikoaren aitzindariak izateaz gain, harrezkeroztik modalitate horren errege-erreginak ere bilakatu direla. Euskal Herrira orain ekarri duten ikuskizunak —Saloon— Hollywoodeko Far West mitikora eraman gaitu, eta betiko zirkuak eskaintzen dituen balentriak film horietako iruditeria aberatsarekin batera etorri dira.

Hiru solairutako egurrezko egitura batek presiditu du eremu eszenikoa, eta material bereko garabi handiak rol garrantzitsua jokatu du, handik eskegi delako gurpil formako lanpara handia eta horretan jokatu dutelako dantza eder bat bi emakume trapezistek, beren gona luzeak airean zihoazela. Garabi horretatik ere eskegi da zaldi ikusezinaren zaldizkoa, gizonetan nik behintzat ikusi gabeak nituen eboluzio harrigarriak eginez. Noski, ez dira horiek izan ikusi ditugun saio bikain bakarrak, emanaldian zehar, eta soinu-efektu irudimentsuak lagun, gauza asko etorri baitira: adibidez, haga bertikaleko ariketa atletikoak, gorputzen gaineko orekak, pianoarekin jolastuz egindako bihurrikatze dibertigarriak, dinamita kartutxoekin aritu diren jonglerrak, horren ondorioz izandako hileta eta gorpuaren berpizte umoretsua.

Bitartean, ez da Far West giroko ezer falta izan: gortina gorrien atzean jolas erotiko-akrobatikoak gertatu dira gorputz-atalak agertuz eta desagertuz, ohiko iskanbila handian solairuetatik jaurti dute beren burua artista askok, eta bizargilea ere agertu da une batean, haren ofizioaren parodia bikaina Pulp Fiction-eko musika ezagunarekin burutuz. Tren-bagoietako sabaien gaineko lasterketa bat eta guzti ikusi dugu, eta banku-lapurrek maila bikaina erakutsi dute balantza gaineko jauzi akrobatikoetan. Azkenik, une poetiko ederra eskaini digu Cyr gurpilaren neskak, hiru musikarik kanta malenkoniatsu bat interpretatzen zuten bitartean.

Izan ere, zuzenean jotako folk, country eta rock musikak garrantzi handia hartu du emanaldian zehar, piano, biolin, haga-tronboi, banjo eta gitarraren laguntzaz, eta lehen esandako kantaz aparte, Johnny Cashen The Ring of Fire eta beste batzuk entzun ditugu, zirku garaikidearen ikur bihurtu diren soinu-banda erdi sinfoniko erdi edulkoratuetatik urrun, eta kontzertu antzeztuaren izaera bikaina emanez berez zirku-emanaldi antzeztua zenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.