Udal gobernuak. Laukoaren akordioa

Azken txanpa ur nahasietan

Iruñeko udal gobernua hautsi ostean, litekeena da Asironek legealdi amaiera zaila izatea ez bada gai elkarrizketa bideratzeko. Tuteran, Eneko Larrarte alkateari etxe barruan sortu zaio arazoa

Eneko Larrarte Tuterako alkatea, inbestidura egunean, 2015ean. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Hilabete amaieran, Nafarroako alderdi guztiek azken ziaboga egingo dute, eta bederatzi hilabete geratuko zaizkie aurretik hauteskundeetarako. Begirada guztiak parlamentuari eta gobernuari so daude, baina udaletan ere asko dago jokoan. Azken finean, duela hiru urte mapa politikoa irauli bazen, udaletan gertatu zen, neurri handi batean. UPNk ez zuen galdu Nafarroako Gobernua bakarrik; Nafarroako udalerri nagusiak ere galdu zituen. Alta, hiru urteotan denetariko egoerak gertatu dira udal horietan, eta krisi aztarnak azaleratu dira haietako batzuetan; azken hilabeteak zaildu egingo zaizkie, bederen, agintean diren alderdiei. Hilabete erabakigarriak izanik, ur nahasietan egin beharko dute azken txanpa.

Sanferminen bezperan, Iruñetik etorri zen ustekabea. Iaz, udalak sei milioi euroko superabita lortu zuen, eta, diru hori zertan erabili bozkatzerakoan, Aranzadi eta Ezkerra abstenitu egin ziren, euren esanetan EH Bilduk ez baitzituen onartu eurek planteatutako proiektu batzuk. Dena den, Edurne Egino Ezkerrako zinegotziak onartu zuen %80an ados zeudela. Alta, abstentzioaren ondorioz, ez zen onartu inbertsioetarako aurrekontua, eta, horregatik, bozketa horrekin, Joseba Asiron alkateak interpretatu zuen Aranzadi eta Ezkerra udal gobernutik at geratu zirela. Erabakiak «ustekabean» harrapatu zituen bi alderdiak, eta «erabaki totalitarioa» hartzea egotzi zieten EH Bilduri eta Geroa Bairi.

Haatik, Joseba Asironek argudiatu zuen bi alderdiek beste bi ohartarazpen jaso zituztela aurretik. Udal gobernuan izanik, haren aurka hitz egin zuten agerraldi publikoetan edo aurtengo aurrekontua bozkatzerakoan, eta, horregatik, hanka bat barruan eta bestea kanpoan izatea egotzi zien alkateak. Berez, hainbat hilabetetan negoziatu ostean, erabakiak hartzeko irizpideen protokolo bat onartu zuten lau alderdiek, eta alkateak akordio hori aintzat ez hartzea leporatu zien. Ezkerrak eta Aranzadik salatu zuten, ordea, alderdi handiagoek txikiagoak zanpatu nahi izan dituztela.

Tentsioak ez du lagunduko, elkarren beharra baitute etorkizun hurbilean zein ertainean. Uztailean, Asironek onartu zuen alderdi horiekin negoziatu beharko duela udal gobernutik at. Jendaurrean, guztiek diote iparrorratza legealdi hasieran sinatutako akordio programatikoa dela, eta hori gauzatzeko lan egingo dutela, baina, hauteskundeak ate joka izanik, ikusi beharko da ea gai diren ados jartzeko.

Bozei begira, kontu ezezagun batzuk ere argitu beharko dira. Lehenik, ikusi beharko da zer gertatzen den Aranzadirekin. Printzipioz, legealdi honetarako aurkeztu zuten hautagaitza. Duela hilabete batzuk, Aranzadiko kide batek zehaztu zuen ez direla aurkeztuko hautesleria elkarte gisa marka berarekin, kaltegarria delako diru laguntzei begira, baina ez dute baztertzen beste izen batekin aurkeztea. Ikusi beharko da, halaber, Ahal Dugu, Ezkerra edo Orain Bairen arteko nolabaiteko aliantzarik gauzatuko den. Krisi honetan, Ezkerra eta Aranzadi elkarrekin ibili dira, baina Aranzadikoek baztertu egin dute mugimendu horrek hauteskunde interesei erantzun izana.

EH Bilduren kasuan, inkestek emaitza onak ematen dizkiete, baina, azken txanpa luze horretan, ikusteko dago krisi horrek balio duen proiektua sendotzeko edo ahultzeko. Udal gobernua hautsita, arriskua hartu du. Azken finean, gertatzen dena gertatzen dela, litekeena da berriro ere aliantzen eta elkarrizketaren beharra izatea garaituz gero.

Tuteran ere tentsioa

Hegoalderago, Tuteran ere tentsioak handitu egin dira. Hogei urtez, Erriberako hiriburua UPNren gotorlekua izan zen, baina 2015ean Ezkerrak aginte makila kendu zion, eta hiru urteotan PSN eta Tudela Puede taldeekin gobernatu du. Gainera, Eneko Larrarte alkatea lider sendo moduan agertu da, eta eskuinaren presioei eutsi egin die gaurdaino. Alta, orain etxe barruan sortu zaizkio arazoak.

Ekainean, Sofia Pardo hautetsiak kargua utzi zuen, UPNko Alejandro Toqueroren aurka Twitterren idatzitako txio bategatik. Toquerok tabako denda bat duenez, Pardok aurpegiratu zion «legezko droga» saltzen duela, eta kontraesan handia dela aldi berean Espainiako Minbiziaren aurkako Elkarteko eledun izatea. Oposizioaren presioaren ondorioz, kargua utzi zuen.

Laura Abaigar zen hurrengoa zerrendan, eta hark jarrera bitxia azaldu du. Berez, kargua ez hartzekotan izan zen —Mapi Jimenezek ordezkatuko zuen—, baina Abaigarrek karguari heldu zion azkenean. Alta, gogor hitz egin zuen Larrarteren aurka. Haren esanetan, alkateak ez zuen gustuko bere bikotekidea Jose Antonio Perez Sola Tuterako alkate sozialista ohia izatea, eta presio egin izana eta «jarrera matxista» azaltzea egotzi zion. Geroztik, bere kabuz ibili da.

Zerrendak osatzeko moduaren biktima izan liteke Ezkerra. Izan ere, koalizioan kexu dira Abaigarrek apenas izan duelako harremanik koalizioarekin hiru urteotan. «Deigarriena da orain arte interesik izan ez duen pertsona batek halako interesa izatea bat-batean. Ez du hartu-emanik izan ez nirekin, ez alderdiarekin», azpimarratu du Larrartek.

Hiru urteotan, zenbait aldaketa izan dira udal gobernua sostengatzen duten alderdien baitan, eta egun ez dute gehiengorik. Hala, Abaigarren botoa erabakigarria izan daiteke legealdi amaieran egonkortasuna bilatzeko. Badaezpada ere, harremanetan hasi dira CUP taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.