Fidel Castroren heriotza. Bere pentsamendua

Bizitza bat historiari emana

Ikur politiko handia izateaz gain, pentsamendu sortzaile oparoa ere izan da Fidel Castro Ruz Kubako Iraultzaren buruzagia. XX. mendeko lekuko zuzena izan da.

Ernesto Guevara, 'Che'. Ernesto Guevara Che argentinarrarekin, 1959ko urtarrilean. EFE.
inaki petxarroman
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Bizitza luzea eduki du Fidel Castrok, eta XX. mendeko historiaren lekuko pribilegiatua izan da. Ondoko lerroetan gertakari horiei buruzko bere ikuspegia jaso du BERRIAk, hainbat liburu eta elkarrizketatatik jasotako adierazpenen bidez.

JOSE MARTI



«Mirari bat zen. Harrobietan preso zegoela idazki ederrak egin zituen, esaterako, El presidio político en Cuba... Lehen independentzia gerra amaitu zenean gazte intelektual abertzalea zen, poeta, idazlea, independentista. Eta 25 urterekin, aurreko gerrako beteranoak elkartzeari ekin zion. Militar beteranoak batzea baino gauza zailagorik ez dago munduan, batez ere haiek batzen saiatzen dena gazte intelektuala bada, gerran izan ez dena. Eta batu egin zituen. Ze talentu eta ze gaitasun! Hori izan zen bere meriturik handiena. Horrez gain, independentziaren aldeko filosofia garatu zuen, eta ohiz kanpoko pentsamendu humanista. Idatzi zuen, Kubaren independentziarekin, galarazi egin nahi zuela AEBak zabaltzea Amerikako gainerako herrialdeetara. Horrelako hitzak irakurriz hasi nintzen ni kultur politikoa neureganatzen. Etika handiko gizona zen. Independentzia gidatuko zuen alderdia antolatu zuen, joera autonomistei aurre eginez. Bake gizona zen, esklabotzaren aurkako sutsua».

ANGEL CASTRO, AITA



«Teoria da nire aita Galiziako gazte pobre haietako bat zela, aberatsen batek diru kopuru bat ematen ziona soldadutzan ordezkatzeko. 16 edo 17 urte zituela Espainian errekrutatu eta Kubara bidali zuten 1895ean hasi zen independentzia gerran borrokatzera. Ondoren, 11.000 hektarea lurreko jabe bilakatu zen. Horregatik, esan daiteke aski familia aberats batean sortu nintzela».

ALDERDI ORTODOXOAREKIN ETA MARXISMOAREKIN IZANIKO LEHEN HARREMANA



«Karrerako lehen urteotan oso lotuta egon nintzen Alderdi Ortodoxoaren aldekoak ziren unibertsitateko adiskideekin. Ni bat nentorren mugimendu harekin. Aurrerago, gustuko ez nituen gauzak ikusten hasi nintzen. Kontzientzia politiko erradikalagoa hartuz joan nintzen, eta Lenini eta Marxi buruz gehiago jakiten hasi. Engels ere irakurtzen nuen, eta filosofia lan ugari, baina, batez ere, Marxen teoria politikoak. Ondorioztatu nuen ekonomia kapitalista zentzugabea zela. Lehenagotik ere komunista utopikoa nintzen, oinarri zientifiko eta historikorik gabea. Oso gaizki hartzen nituen pobrezia, injustizia, desberdintasunak... Marxen Manifestu Komunista-k eragin handia egin zidan, ze haren ondorioz gauza batzuk ulertzen hasi nintzen. Gizartea zer den erakutsi zidan marxismoak».

MONCADAKO KUARTELA



«Moncadari eraso egitea erabaki genuen ikusi genuenean inork ez zuela ezer egingo, ez zela Batistaren aurkako borrokarik izango, eta zeuden talde ugari haiek ez zeudela prestatuta borroka armatua aurrera eramateko. Gure gain har genezakeen Moncadako jauregia, eta, hala izan bazen, Batista botako genuen, eztabaidarik gabe».

'HISTORIAK ABSOLBITUKO NAU'



«Guk garai hartan ez genuen pentsatzen SESBen. Hori gero etorri zen. Guk uste genuen burujabetzarako eskubidea genuela, benetako eskubidea zela eta errespetatu behar zela 50 milioi hildako eragin zituzten bi gerrateen ostean. Horretan sinesten genuen, eta uste genuen errespetatuko zela gure eskubidea sozialista ez zen iraultza bat egiteko. Ze, iraultza ez zen sozialista, sozialistaren atarikoa baizik. Hori ulertzeko irakurri behar da nire defentsarako prestatu nuen Historiak absolbituko nau alegatua. Hor badaude erregimen sozialista baten atariko osagaiak... Ez zen zertan berehala etorri, baina gure ideiak haiek ziren ordurako».

IOSIF STALIN



«Beti kritikatu dut bere akatsengatik. Hark eduki zuen 1941ean milioika soldadu alemanek Sobietar Batasuna inbaditu izanaren errurik handiena. Erru politikoak eta taktikoak izan zituen, eta albo batera utziko dugu barrukoa, alegia, indarraren gehiegizko erabilera, zapalkuntza eta haren ezaugarri pertsonalak, berarekiko gurtzea... Baina aitortu behar zaizkio meritu handi batzuk ere, konspiratzaile gisa, eta, nola ez, industrializazioan... Industria eraman zuen atzeragoardiara. Ikuspegia izan zuen, eta meritu batzuk, baina erabili zituen modu autoritario, bortitz eta zapaltzaileak... Beraz, aztertu behar dudanean, merituak aitortzen dizkiot, baina aipatzen ditut haren oker handiak ere, eta oker handienak egin zituen Armada Gorria purgatu zuenean».

1959KO URTARRILAREN 1EKO GARAIPENA



«Taktika militarraren eta estrategia politikoaren ondorioz irabazi genuen gerra. Espetxean nengoela, nik banuen Sierra Maestrako gerraren plana, plan osoa. Mugimendu gerra bat garatu genuen... Eraso eta atzera egin... Ezustea erabiliz. Eraso egin eta eraso egin. Eta arma psikologiko asko. Eta, horrekin batera, gerra ekonomikoa: azukre kanabera errez Batistari kentzeko ateratzen zituen baliabideak; eta garraio eta komunikazio bideei sabotajea egin genien. Guretzat gerrilla prozesu baten eragilea zen. Eta puntu gorena, hauxe: greba orokor iraultzailea, eta herritarren altxamendua».

ERNESTO GUEVARA, 'CHE'



«Handiena da utzi zizkigun balio moralak, kontzientzia. Che giza balio gorenen ikurra zen, eta eredugarria, inondik ere. Eragin handia izan zuen, mistika handia zuelako. Estimu handia nion, eta begiko nuen, oso. Oroitzapen ugari utzi zizkigun, eta horregatik esaten dut gure artean izan dugun eta ezagutu dudan gizonik noble, desinteresatu eta ikaragarrienetako bat izan dela. Adore, duintasun eta osotasun ikaragarriko gizona zen Che. Bizkorra zen, azti moduko bat. Zapalduen-eta aldeko borrokan hil zen, lurreko pobre eta umilen alde. Horregatik, ziur naiz Cheren borroka nagusituko dela; nagusitzen hasia da».

MISILEN KRISIA



«Guk bide publikoetatik jakin genuen sobietarrek proposamena egin zietela AEBei jaurtigaiak kentzeko. Gurekin ez zuten ezer eztabaidatu! Gu ez geunden irtenbide baten aurka, inportanteena gatazka nuklear bat saihestea zelako. Baina sobietarrek esan behar zieten iparramerikarrei: «Kubatarrekin adostu behar dugu». Printzipio kontu bat zen. Guk prozesu horretan parte hartu izan bagenu, baldintzak hobeak izango ziren: Guantanamoko base militarrak ez zuen jarraituko, altuera handiko hegaldi espioiak desagertuko ziren. Asko haserretu ginen, eta gure harremanak sobietarrekin asko hondatu ziren. Horrek eragin handia eduki zuen haiekiko harremanetan».

HOMOSEXUALEN AURKAKO JAZARPENA



«Iraultza nagusitu zen hasiera hartan joera matxista oso presente zegoen, eta orokortuak zeuden ideia batzuk unitate militarretan homosexualek armadan zuten presentziari zegokionez. Horregatik, hasieran ez zitzaien deitzen unitate militarretara; baina, ondoren, hura haserrebide bat bilakatu zen, eta batzuek argudio hura erabiltzen zuten homosexualei are eta eraso handiagoak egiteko. Modu hartan, ekoizpena laguntzeko unitate militarrak sortu ziren, zeintzuetara hiru jende mota joaten ziren: ikasketa maila baxuaren ondorioz armak hartu ezin zituztenak, fede erlijiosoaren ondorioz kontzientzia eragozle zirenak eta homosexualak. Denborarekin ezabatu genituen unitate haiek, eta aitortu behar dut aurreiritziak zeudela homosexualekiko. Esan dezaket Iraultzak behin ere ez zuela jarrera hori sustatu, baina dagokidan ardura nire gain hartzen dut. Gaur egun homosexualekiko bazterketa nahiko gainditua dagoela esango nuke».

ARRAZAKERIA



«Guretzat arraza bazterkeriaren aurka borrokatzea printzipio sakratua da. Uste genuen legez berdintasun osoa ezartzeak bazterketa amaituko zuela. Baina ez, zeren bi bazterketa daude: objektiboa eta subjektiboa... Kuban ere badirau bazterketa objektiboak, pobreziari eta ezagutzaren monopolio historikoari lotuta. Iraultzak ez du lortu beltzen egoera sozial eta ekonomikoan dauden ezberdintasunak ezabatzea. Beltzak etxe txarragoetan bizi dira, lan gogor eta okerrago ordainduetan ari dira, eta dolar gutxiago jasotzen dituzte atzerritik zuriek baino. Bazterkeriaren arrastoak islatzen dira oraindik ere, baina pozik nago lortu dugunarekin, ulertzen ari garelako zergatik iraun dezakeen bazterketak belaunaldietan zehar. Ulertzen ari gara zer lotura dauden ezagutza, kultura eta delituaren legeen artean».

EMIGRAZIOA



«Kubatarrek emigratzen dute auto bat nahi dutelako, kontsumo gizarte batean bizi nahi dutelako. Zergatik emigratzen dute txinatarrek? Mundu guztia esaten ari da nolako aurrerapenak gertatzen ari diren Txinan... %10eko hazkundea dute urtean; eta, hala ere, aldiro 800 edo 1.000 txinatar ezkutuan daramatzan ontziren bat iristen da. Gure emigrazioak Mexikokoak eta Dominikar Errepublikakoak bezalakoak dira. Herri horiek ez daude blokeatuta, eta auto pila daude... Kontsumo gizartearen gai horiek dituzte, eta ez dute AEBetan legez sartzeko aukera ematen dien legerik. Halako legerik balute Mexikon, herritarren %30 edo 40k AEBetara alde egingo lukete».

SESB-EN DESEGITEA



«Eremu sozialista eta Sobietar Batasuna desagertu zirenean, inor gutxik ematen zuen zentimo bat Kubako Iraultzaren etorkizunaren alde. Bakar-bakarrik geratu ginen, eta elikagairik, erregairik, azukrearentzako merkaturik gabe geratu ginen, ezer gabe. Eta denek pentsatzen zuten: «Hau hondora doa», eta lerdo batzuek oraindik pentsatzen dute, orain ez bada hondoratzen, bihar hondoratuko dela. Eta, zenbat eta itxaropen handiagoa izan haiek, gehiago pentsatu behar dugu guk, eta ondorio gehiago atera, herri loriatsu honek sekula porrota ezagut ez dezan... AEBek blokeoa gogortu zuten, merkatuak bat-batean desagertu ziren, kaloria eta proteina kontsumoak erdira murriztu ziren. Herriak eutsi zion, eta aurrera egin zuen gizarte eremuan. Behar nutritiboak berreskuratu ditugu hein handi batean, eta aurrera goaz beste eremu askotan ere. Baldintza zailenetan, miraria gertatu zen urteetan egindako lanari eta hartutako kontzientziari esker. Zergatik? Iraultzak herri kultu eta batuaren babesa izan zuelako, duelako eta izango duelako».

HUGO CHAVEZ



«Hugo Chavezi begiratu, eta Venezuelako seme bat ikusten duzu, nahasketa den Venezuela horretako semea, mestizo bat, dohain berezia eta talentu handia duena. Haren hitzaldiak entzun ohi ditut, eta harro dago bere jatorri pobreaz, bere etnia nahastuaz, non denetik dagoen, autoktonoak eta Afrikatik ekarritako esklaboak. Gene zuri batzuk ere izan ditzake, eta hori ez da txarra, aberastasun handiagoa dakarrelako. Kubara etorri zenean, 1998an, gizon inteligente bat aurkitu genuen, aurrerakoia, benetako bolivartarra. Ondoren, hauteskundeak irabazi zituen, eta behin baino gehiagotan etorri da. Konstituzioa aldatu zuen, herri xehearen babesarekin, pobreenen laguntzarekin. Arerioek ekonomikoki ito nahi izan dute. Venezuelatik demokraziako 40 urteotan 200 mila milioi dolar desagertuko zirela kalkulatzen dut. Suedia bezain industrializatuta egon beharko zukeen Venezuelak, eta haren moduko heziketa eduki, benetako demokrazia banatzailea egongo bazen».

FIDELEN ONDOREN, ZER?



Berehalakoan ez da inolako arazorik izango; eta, gero, ezta ere. Iraultza ez delako oinarritzen buruzagi baten ideietan eta ezta pertsona baten gaineko gurtze batean ere. Sozialismoan ez da buruzagi bat onartzen, eta ezta gizarte moderno batean ere. Jendeak ez ditu gauzak egiten nagusiarengan fede itsua daukalako edo nagusiak eskatzen diolako. Iraultza printzipioetan oinarritzen da, eta guk babesten ditugun ideiak, aspalditik, herri osoarenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.