Albistea entzun

Frankismoko biktimak

Zauriak sendatu nahi, eta ezin

Salaketa jarri dute Tolosako epaitegian frankismoaren sei biktimak. 1975ean eta 1976an Jesus Muñecas kapitainaren eta beste guardia zibil batzuen torturak jasan zituzten.
Muñecas kapitainak torturatutako batzuk, Tolosako epaitegiaren atarian, kereila jartzera sartu aurretik, atzo.
Muñecas kapitainak torturatutako batzuk, Tolosako epaitegiaren atarian, kereila jartzera sartu aurretik, atzo. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Karmele Uribesalgo Alzola -

2019ko urtarrilak 17

«Gauza pila bat etortzen zaizkit burura, batzuk gogoratu nahi ez ditudanak», azaldu du Elixabete Nosellasek. 1976an, 16 urte zituela, torturak jasan zituen, Jesus Muñecas kapitainaren eta beste guardia zibil batzuen aldetik. «Kapazak izan baziren guri egin zigutena egiteko, edozer egin zezaketen», hausnartu du. Haren bikotekide Josetxo Zabaleta ere torturatu zuten guardia zibilek. Nahiz eta ordurako Franco hilda zegoen, «dena ongi lotuta» utzi zuela adierazi du Zabaletak: «Trantsizio garaian zen, baina oraindik ere torturatu egiten zen».

Salaketa jarri zuten atzo biek Tolosako epaitegian. Haiekin batera jarri zuten Juan Arangoak —hilik dagoen Amparo Arangoa arrebaren torturen lekuko gisa—, Juan Goñik eta Jose Begiristainek ere. 1975ean eta 1976an Muñecasek eta beste guardia zibil batzuek egindako torturen inguruko testigantzak eman dituzte. Frankismo Garaiko Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak babesten ditu salatzaileak, eta elkarretaratzea egin zuten atzo epaitegiaren aurrean.

«Milaka» tortura kasu daudela azaldu dute, baina froga gutxi. Amparo Arangoaren argazkia da ezagunena. Torturak jaso ondoren, Iruñeko ospitale batera eraman zuten. Zabaletak dioenez, «despistez edo» guardia zibil batek bakarrik utzi zuen gelan Arangoa bisitan joan zitzaionarekin, eta une hori aprobetxatu zuten argazkia ateratzeko. «Goraipatu egin nahi dut Amparok argazkia egitea onartu zuenean erakutsi zuen duintasuna», azaldu du Zabaletak. Nosellasek dio «zorionez edo zoritxarrez» argitaratu zela Arangoaren irudia: «Gureak desagertuta daude».

Hala ere, badute frogarik: Paco Etxeberria auzi medikuarekin elkarrizketa izan zuten, eta hori epaiketa batean erabil daiteke Istanbulgo Protokoloa pasatuz gero. NBErena da protokolo hori, eta pertsona batek torturak jasan dituen ala ez frogatzen du. Hori pasata, tortura testigantzari froga izaera onartzen zaio.

Torturak fisikoak ez ezik, «psikologikoak» ere bazirela adierazi du Juan Arangoak, Amparoren nebak. Haren kasuan, beste anaia bat ere atxilotu zuten. «Arreba lurrean txikituta eta garrasika ari zela, nire anaiari esaten zioten bere kulpaz zegoela Amparo egoera horretan». Nosellasek aitortu du emakumea zenez, «jostailu» bat balitz bezala tratatzen zutela guardia zibilek. Goñiri, berriz, harrigarria iruditzen zaio torturatzaileak zeinen gazteak ziren: «Guardia zibil heldu batek amorrua izateak ez nau horrenbeste harritzen, baina ez dut ulertzen 17-18 urteko gazteek nola ematen ziguten egurra. Zer gorroto zuten mutil horiek?»

Azaldu dute duela hamar bat urte hasi zirela gaia lantzen. Nosellasek adierazi du ordura arte «gordeak» izan dituztela istorio guztiak: «Bihotzak esaten dizu leku batean uzteko, baina kontzientziak kontrakoa eskatu ohi du». Oraindik ere sarritan galdetzen dio bere buruari gertatu zen guztia egia ote zen, ea berari hori guztia pasatu zitzaion. Zabaletak kontatu du gogorra egiten zaiola Leitzako kuartela izan zenera joatea, han torturatu baitzuten. «Orain herrigunea da, eta sartzea tokatzen zaidan bakoitzean mamuak ikusten ditut; [torturatu zutenak] nondik aterako diren pentsatu ohi dut».

«Justizia, hemen eta orain»

Atzoko tramitearekin, jasandako torturen inguruko erabakia «justizia espainiarraren esku» utzi nahi dute. Jendea animatu nahi dute salaketak jartzera, «gogorra» izan arren. Jakinarazi dute badirela beste biktima batzuk deklaratzeko txandaren zain Bergarako, Azpeitiko eta Donostiako epaitegietan.

«Jakin dezatela atzetik datozenek ere herri honetan asko sufritu dugula, eta sufritzen jarraitzen dugula», azpimarratu du Nosellasek. «Justizia» besterik ez dutela eskatzen nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Osasunbideko erietxe bat, Tuteran (Nafarroa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Kutsatuen kopurua behera eta behera ari da Hegoaldean

Gotzon Hermosilla

Beste 365 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 29 gutxiago. Kutsatutako gaixo bat hil da Nafarroan, 74 urteko gizonezko bat

 ©BERRIA

Gehiago zabaldu dira arrakalak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Izurriteak eragin zuzena izan du emakumeen egunerokoan; hainbat eta hainbat aritu dira lan prekarioetan eta feminizatuetan, baldintza okerretan, eta zaintza lanak ere haien ardura izan dira. Eragileek egoeraz hausnartu beharra nabarmendu dute, zaintza sistema publiko baten aldarria helburu.

Erizain bat Galdakaoko ospitalean lanean. ©ANDONI LUBAKI / FOKU
Liburuxkaren aurkezpena, ostegunean, Pasaian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Emakumeen ahotsei so

Jone Bastida Alzuru

'Baina zer ari zaigu gertatzen? Pasaiako emakumeak pandemiako bizipenak partekatzen' liburuxka argitaratu dute. Egileek diote prozesua «ahalduntzailea, askatzailea eta sendatzailea» izan dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.