ander perez zala

Izarrak erortzen ari dira

2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Sortu zenetik, zaila izan da 5 Izar Mugimendua (M5S) politikaren ohiko kodeekin sailkatzea. Indar politiko oro bere ideologiaren, antolatzeko moduaren eta jarduteko estrategiaren arabera ezagutarazten da, baina M5Sk, hasiera-hasieratik, zalantza handiak piztu zituen haren identitatea definitzen saiatu direnen artean. Galdera errazenari ere erantzuna emateko zailtasun handiak izan dituzte: ardatz klasikoa hartuta, ezkerrekoa ala eskuinekoa da Beppe Grillo umoregileak sortu zuen alderdia? Italia Europako politikaren laborategitzat jo ohi da, eta M5Sren ibilbidea ezin da ulertu Mediterraneoko herrialde horretako alderdi tradizionalen krisia eta figura politikoen eboluzioa aipatu gabe, horrek eman baitzion modua kaleak betetzeko ez ezik Diputatuen Ganberan ordezkaritza handiena lortzeko. Hamar urteko epe eskasean gertatu da hori: herritarrak haserre zeuden, eta bere burua antisistematzat duen mugimendu horrek zirudien erantzuna milioika italiarrentzat. Grilloren alderdiak bi urte egin ditu agintean, eta parte handi batek iritzia aldatu du dagoeneko. Izarrak erortzen ari dira Italiako politikan.

Luigi Di Maioren duela bi hilabeteko dimisioak agerian utzi zuen alderdia ez dagoela bere garairik onenean. Etsiak harturiko mugimendu politiko bat izan zen, M5Sk, Alderdi Demokratikoak (PD) eta Matteo Renzi lehen ministro ohiaren Italia Bizirik-ek osatzen duten koalizio gobernu nazionalaren geroa jokoan zegoenean, Emilia-Romagna probintziako bozen atarian. Koalizioa bizirik atera zen egun horretatik, baina erabakiak hilabeteotan jasaten ari den desegonkortasuna elikatzeko balio izan zuen, nahita edo nahigabe; hiru alderdiak lotzen dituen bakarra bozak berriz egitea da, Matteo Salviniren Legak garaipen handia lortuko lukeelako, eta Italiako Anaiak-ekin batuta gehiengoa segurtatu lezakeelako.

Testuinguru horretan, Di Maioren dimisioak sorturiko panorama argitze aldera, M5Sk bere lehen kongresua egitea erabaki du —Estatu Orokorrak deiturikoa—, jaiotzatik hamar bat urtera. Asteon ziren hori egitekoak, baina atzeratzea erabaki zuten; politikaren ziurgabetasuna argudiatuta, batetik, eta koronabirusaren eraginez, bestetik. Erabakiaren atzean, ordea, badira arrazoi gehiago.

Barne gatazka

Errealitatea bestelakoa da, M5Sk oraingoz ez baitu Di Maioren ordezkorik, eta alderdikideak zatituta baitaude indar politikoak etorkizunean izan behar duen estrategiari dagokionez. Alderdiak indartuta jarraitzen du Italia hegoaldean, diruaren banaketa aldatu behar dela argudiatzen baitu —hegoaldea askoz ere pobreagoa da iparraldea baino—, baina zalantza handiak daude soilik hegoaldeko botoei esker bizirik iraun ote dezakeen.

Sei urteko epean, gorakada izugarria izan zuen alderdiak: Parmako alkatetza lortu zuen, 2012an; 109 ordezkari —botoen %25,6— Diputatuen Ganberan, 2013an; hamazazpi europarlamentari Europako Parlamentuan, 2014an; Erroma hiriburuko eta Turingo alkatetzak, 2016an; eta 227 ordezkari Diputatuen Ganberan, 2018an —botoen %32,7—. M5Sk sei urte behar izan zituen lehen alkatetza garrantzitsua lortu eta herrialde osoan boto gehien jaso zuen indar politikoa bilakatu arte; gorakada azkarra izan zen, talde gazte batek eta alderdi berria izateak sortzen duen itxaropenak bultzatuta.

Tartean, Alderdi Demokratikoaren (PD) beherakada ikusgarriak eta Silvio Berlusconiren ia desagertzeak bi alderdiko sistema eraldarazi zuten: Grilloren alderdiak, bere tokia aurkitu, eta paisaia politikoa hiru polokoa bilakatu zuen. Baina hori aldatzear legoke, M5S agintean dagoenetik nabarmen egin baitu behera haren aldeko babesak.

Alderdiaren profilak eta ideologiak alde batera eta bestera egin du urteotan, zuzendaritza, talde parlamentarioa eta oinarri elektorala osatzen dutenen arabera. Baina, finean, bi joera izan ditu urteotan: batetik, gainontzekoek kontuan hartzen ez dituzten «gai ahaztuak» berreskuratzea, herritarrengan eragin handia izan dutenak, eta, bestetik, klase politikoaren berritzea hitzematea. Agintean, ordea, ez dira gai izan auzi horiei buruzko neurriak sustatzeko, eta, kritikoek salatu dutenez, klase politikoaren parte bilakatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.