«Ez gaituzte erabili»

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak diote «borondate onenarekin eta zentzuzko irtenbide bat bilatzeko asmoz» osatu dutela Pilotarien Elkartea

Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, iazko azaroan, Lau eta erdiko Txapelketako finalerako pilota aukeraketan. I. URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu pilotan Jokin Altunak, Joseba Ezkurdiak, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak sustatutako Pilotarien Elkartearen sorrerak. Hainbeste, egitasmo horren bultzatzaileetako bik azken egunetan haien inguruan sortu den zalapartaz azalpenak emateko beharrean ikusi dute euren burua.

Altunak eta Ezkurdiak oharra atera zuten atzo. Bertan diote biek euren «borondate onenarekin» jokatu dutela. «Inoiz ez gaituzte erabili. Esku pilotaren aferak hartu zuen norabidea ikusita, tartean sartzeko erabakia hartu genuen, gure ekarpenekin. Bizitzen ari garen arazoek maila ezezagun batera ihes egin dutelako. Honen ondorioz sortutako kezkak eta ardurak eraman gaitu gure kabuz irtenbideak topatzera. Baikoren eta ELAren arteko negoziazioak blokeo egoeran ikusten genituenez, gu bitartekari lanak egitera ausartu ginen, norabide berri bat emateko asmoz, gure ikuspuntu apaletik».

Oharrak dioenez, «buruhauste askoren ondoren», bururatu zitzaien «aukerarik egokiena» pilotarien elkarte bat osatzea izango litzatekeela. Elkarte horren babespean «greban dauden pilotariek dituzten aldarrikapenak bideratzeko aukerarik aproposena» zela iritzi zioten. Horretarako, Olaizolarekin eta Urrutikoetxearekin elkartu eta gero, haien egitasmoa EPEL Eskuz Pilotako Enpresen Ligari helarazi zioten.

Elkartearen sorreraren oharrean, lau bultzatzaileek «48 orduko epea» eman zieten «EPELen barruan dauden pilotariei» eurekin bat egiteko. Halaber, jakinarazi zuten haiek «gidatuko» zutela. Hain zuzen, hori zehaztu nahi izan dute Altunak eta Ezkurdiak bigarren oharrean. «Jabetzen gara korrika eta presaka ibili garela, baina beti zentzuzko irtenbide bat bilatzeko asmoz. Horregatik, kaleratu genuen oharrean ez genuen behar bezala aditzera eman, eta konturatu ginen gaizki ulertuak sortu genituela. Erantzunak 48 orduko epera murriztea ere ez zen egokia izan. Eta inolaz ere ez, guk ez dugu elkarteko buru izateko asmorik, bitartekari lanak egiteko asmoa baizik».

Horregatik, azpimarratu dute astelehenean azaldu zituzten helburuak «indarrean» daudela oraindik. «Pilotarien Elkartea guztion eskubideak borrokatzeko tresna egokiena dela uste dugu, denok elkarrekin esku pilotaren etorkizuna lantzeko».

Hirugarren asteburua greban

Ezkurdiaren, Altunaren, Olaizolaren eta Urrutikoetxearen egitasmoak Baikoko hamabost pilotari grebalarien ordezkarien ezezkoa jaso zuen asteazkenean. «48 orduko epeari itxaron beharrik gabe» jakinarazi zuten ez zutela bat egingo «elkartearekin». Hori egiteko arrazoiak azaldu zituzten. «Hasiera-hasieratik defendatu dugu elkarte parte hartzaile baten beharra, sektoreko pilotari guztiei lekua egingo diena, elkartean sartzeko eperik jarriko ez diena, eta zuzendaritza karguak inposaketa bidez erabakiko ez dituena. Horregatik, beti izango gaituzte bidelagun, halako elkarte bat sortzeko eta kolektibo gisa ditugun eskubideak eta beharrak defendatzeko. Jakina, guk defendatuko dugun elkarte horrek parte hartze demokratikoa izan behar du, estatutuak kolektibo osoaren artean adostu beharko dira, lortu nahi diren helburuak guztion artean finkatu, eta bozketa bidez aukeratu elkartearen zuzendaritza, osaera, osaketa, funtzionatzeko moduak eta erabakiak hartzeko prozedurak». BERRIA haien ordezkariekin jarri zen kontaktuan atzo, Altunaren eta Ezkurdiaren oharraren inguruan iritzia eman zezaten, baina nahiago izan zuten adierazpenik ez egitea.

Bitartean, atzo ekin zioten lanuztearen hirugarren asteburuari, euren arteko bilera batean hala adostuta. Atzo, Baikok jaialdi bat antolatu zuen Asteasun (Gipuzkoa), eta ez ziren aurkeztu ez Oinatz Bengoetxea, ezta Joanes Bakaikoa ere. Beste horrenbeste egingo dute gaur Amurrion (Araba) Jon Erasunek eta Beñat Urretabizkaiak (17:30). Hasiera batean, Ruben Salaverri zen jokatzekoa —grebalarien artean dago—, baina Baikok atzo jakinarazi zuenez, atzelariak positibo eman du koronabirusean, eta bakartuta dago. Halaxe egongo da hamar egunez. Baikok Urretabizkaia II.a aukeratu du Salaverri ordezkatzeko, nahiz eta hura ere grebalarien artean egon.

Hasiera batean, datorren astelehenean zen amaitzekoa Baikoko hamabost pilotariren lanuztea, baina joan den asteazkenean hogei egunez luzatzea erabaki zuten aho batez; azaroaren 30era arte, hain zuzen ere. «Fede oneko negoziazio baten zain» luzatu dute greba. Ikusteko dago noiz bilduko diren berriro Baikorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.