Literatura. 'Maitalea'

Kaosa eta mina

Idazlea: Marguerite Duras. Itzultzailea: Mikel Garmendia. Generoa: Eleberria. Argitaletxea: Elkar.

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Aurrera doa EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak sustaturiko Literatura Unibertsala bilduma, eta aurrera doa, orobat, bilduma horren lehen ehun aleak —zeinak ahaztuxe geratu diren 90eko hamarkadan— berreskuratu eta berrargitaratzeko egitasmoa: Urrezko Biblioteka bilduma. Bertan, harribitxi apartak berrargitaratu dituzte orain arte, hala nola William Faulkner, Virginia Woolf eta Jane Austen, eta etorri berri dena ere ez da makala: Marguerite Durasen Maitalea eleberria. Nobela laburra bezain trinkoa dugu, bukatzean irakurlea hatsik gabe uzten duten horietakoa, hain baitago bizitasunez karga-karga egina.

Frantziako letren izen gailenetako bat dugu Duras, eta ez soilik 1984an Goncourt saria irabazi zuelako Maitalea nobela honekin berarekin, ezpada baita haren obraren ugariagatik ere. Gai batzuk etengabe errepikatzen dira haren obra osoan —«amodio ezin eta beharrezkoa, desio debekatu eta absolutu baten bila aritzea, irudiarekiko edo begiradarekiko obsesioa, oihuarekikoa edo isiltasunarekikoa», Rosa de Diegok hitzaurrean dioen bezala—, eta, Maitalea-n, gai horiek bat egiten dute halako karga autobiografiko sarkor batekin. Izan ere, nobelari autobiografia dario, kronika hutsetik haragoko zera bat, ederki jokatzen duena idazle orok (edo fikzio orok) irakurleari proposatzen dion itun narratiboarekin. Honelaxe mintzo zaigu halako batean lehen pertsonako narratzailea: «Nire liburuetan, nire haurtzaroari buruzko kontakizunetan, oraintxe ez dakit zer ezkutatzen saiatu naizen, zertaz hitz egin dudan, esango nuke gure amarengana sentitzen genuen maitasunaz aritu naizela [...]». Nobela egituratzen duen ahotsa pertsonaia narratzaile hutsetik harago dago.

Baina Durasek beste hainbat joko literariotarako abilezia aparta ere erakusten digu nobela honetan. Kontakizun osoan lehen pertsona da nagusi, baina inongo konplexurik gabe egiten du jauzi beste pertsona narratiboetara ere, ia-ia kamera baten zoomarekin aldenduz eta gerturatuz bezala —ez da ahaztu behar Duras zinema zuzendari ere izan zela—. Horrekin batera, ederki asmatzen du begirada moldatzen, behar denean xehetasun edo gogoeta bakan batzuetan arreta jarriz eta, orobat, begirada orokorrago bat hartuz tarteka. Salto kronologikoak ere ugariak dira, eta kasik garrantzia galtzen du argumentuari berari segitzeak. Istorioa bera arindu egiten da, eta irakurleak ez du efektuen itsaso horretan murgiltzea beste aukerarik; ez da samurra, baina ezta alferrikakoa ere.

Hain justu, efektu horiek guztiek kaos sentsazio moduko bat ematen dute; kaos zirraragarri bat, inondik ere, eta igual baita neurtua ere, hemen deskribapen, hemen narrazio, hemen gogoeta, dena nolabaiteko min batean bildurik, bil-bil eginik Durasen douleur horretan. Min kaotikozko jario bat da nobela, etenik gabeko ahots min bat, hasiera-hasieratik bukaera-bukaeraraino.

Azken oharra: nobela hau zaila bada irakurlearentzat, pentsatu ere ez dut nahi zer-nolakoa izan den —zen— itzultzailearentzat, zeinak Durasen ahotsa beretu behar izan duen —zuen—. Ederki beretu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.