Kalean zein mendian gailendu da

Mendirako beharrezkotzat dute askok Gore-Tex, baina kalean eramateari ere ez diote muzin egiten. Hainbat esparru bere egin ditu, eta, muturreko baldintzetatik harago, Euskal Herriko hiriguneetarako ere erabiltzen da sarri. Gore enpresa eskari horretara egokitu da.

1 MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aurtengo uda bukatzear zegoela hil zen Robert Gore, 83 urte zituela. Hain zuzen ere, prezipitazioen garaiaren atarian, hark asmatutako Gore-Tex ehundun jakak, prakak eta zapatak armairuetatik ateratzear zeudela. Ez da edonolakoa utzi duen aztarna. Izan ere, Gore-Tex ezinbesteko elementu bilakatu da mendiko arropa dendetan: edozeinetan, Gore enpresaren bermea adierazten duen etiketa andana ikus daitezke askotariko arropetatik zintzilik.

Txartel hori-beltzak «kalitatezko zigilua» dira, Tolosako Aralar dendako (Gipuzkoa) Arturo Vera Pampanalungak dioenez. Enpresak markei produktuen garapenean laguntzen die, eta baldintzak betetzen dituztela bermatzen du. Hori dela eta, Gore-Tex daramaten produktuak «kalitate hobekotzat jotzen dira», haren iritziz: «Horregatik, lan asko egiten dugu harekin, bai guk eta baita denda gehienek ere». Presentzia horren ondorioz, Gore-Tex arropa iragazgaitzaren sinonimo bihurtu dela dio, eta, beste hainbat marka arrakastatsurekin gertatu izan den bezala, produktuaren jatorrizko izena ordezkatu du: «Estandar bat ezarri du. Erreferente bat da».

Horiek horrela, jendeak zuzenean eskatzen du Gore-Tex arropa, iragazgaitza eskatu beharrean, Bilboko Hamaika Mountain dendako Fernando Rodriguezek azaldu duenez: «Batzuek jaka edo zapata iragazgaitzak Gore-Tex-ekin identifikatzen dituzte, eta 'Gore-Tex bat nahi dut' eska dezakete». Alternatibak badaudela onartu du Rodriguezek, baina ez daudela «hain errotuta». Ez omen dira Gore-Tex «bezain onak» ere, Hernaniko Ibai Mendi dendako (Gipuzkoa) Koldo Alkortarentzat, bederen: «Beste ehun batzuk probatu ditugu, eta ez dute denboraren erdia ere irauten. Gainera, iragazgaitza denean zaila izaten da transpiratzea, baina Gore-Tex-ek hori oso ondo orekatzen du. Horregatik diogu gaur egun ez dagoela hura bezalakorik».

Kalerako ere «aproposa»

Mendiko arropa saltzen duten enpresen iragarkiei erreparatuta, ez dago zalantzarik nori bideratuta dauden produktu horiek: modeloek mendi malkartsuetan luzitzen dituzte jaka eta praka koloretsuak, edota baso sakoneko ibaiaren emariarekin desafiatzen dituzte euren oinetako garestiak. Alabaina, Gore-Tex-en ezaugarriek sarri dute kalea probaleku. «Hemen ohikoa da kalera mendira joango bazina bezala irtetea», dio Rodriguezek, ez kexati, preseski, mendiko dendei «lagungarri» baitzaie. «Bilbo bezalako leku batean jende asko dator kalean erabiltzeko jaka edo zapata iragazgaitzen bila, batez ere». Eta ez soilik Bilbon. Gore-Tex-ek Euskal Herriko kaleak hartu baititu orokorrean. Klima izan daiteke arrazoietako bat; mendizaletasuna, beste bat. Arropa mota horien «erosotasunak» ere badu zerikusirik hedapenean, Vera Pampanalungaren ustez: «Ez dira zimurtzen, azkar lehortzen dira, eta oso ondo egokitzen diren jantziak dira».

Hernanin ere beste horrenbeste gertatzen da, baina azken urteetan aldatuz joan da fenomenoa, Alkortak nabaritu duenez: «Joera jaitsi egin da sei urtetik hona, baina egia da oraindik ere askok erabiltzen dutela mendiko materiala kalean». Lehen, bi markek janzten zituzten, nagusiki, hernaniarrak. Orain, dibertsifikatu egin da, egoerak hala akuilatuta. Izan ere, mendiko arroparen askotariko erabilera are gehiago hauspotzeko, markek jantzi bilduma bereziak atera dituzte, kalerako propio sortuak. Joera azal dezakeen faktoreetako bat da hori: «Orain, gauza bereziagoak eskatzen dituzte kalerako. Belaunaldi berriek ez dituzte betiko bi marka horiek erosten bakarrik, beste modelo batzuetara ere jotzen dute». Gore-Tex daramaten produktuak behar horietara egokitu dira, eta hori bera egin du dendak ere: «Saiatzen gara hain mendikoak ez diren Gore-Tex arropak ere ekartzen».

Baina, iragarkietan agertzen diren baldintzak berriro gogora ekarrita, ez al da Gore-Tex gehiegizko babesa kalerako? Dendarien ustez, ez. Alkortak «oso aproposa» dela dio, eta, Vega Pampanalungaren ustez, «gutxitan» izan daiteke gehiegizkoa: «Udan, batzuetan, bai. Askok Gore-Tex daramate Donejakue bidea egiteko, eta beroak izerdiaren lurrunketa oztopatzen du».

Felipe Uriarte mendizaleak nahiago du bere Gore-Tex jantziak mendirako bakarrik gorde: «Orain dela urte gutxi, oso indartsu egon zen goi mendiko Gore-arekin kalean ibiltzearena. Baina, nork ez du lagun erretzaile bat? Eta 400 edo 500 euroko jantzi bat zigarro batekin erretzea...».

Mendirako «ezinbestekoa»

Mendizale beteranoa da Uriarte, eta, horrenbestez, Gore-Tex gabeko garaiak ere ezagututakoa. Ehunari «ezinbestekoa» deritzo, eta, dituen ezaugarri guztietatik, arintasuna nabarmendu du, «izugarrizko aldea» nabaritu baitu pisuari dagokionez: «Nik motxilan igarri nuen batez ere. Orain dela 40 urte, zortzi milako bat egitean, zortzi edo hamar kiloko pisu gehigarria eramaten genuen; gaur egun, hiru kilo baino ez dira eramaten». Txaketetan erabiltzen du Gore-Tex-a, batez ere. «Alpeetan eta Himalaian ibiltzeko oso garrantzitsua da, eta nik onenak erabiltzen ditut; hiru kapetakoak badira, hobe». «Garestiak» direla onartu du, baina, ondo zainduz gero, baita «iraunkorrak» ere. Horren adibide dira bere bi mendiko jakak: batak hamar urte ditu, eta besteak bost, baina «txukun» betetzen dute lana biek oraindik. Praketan ere nabari du aldaketa. «Oroitzen naiz panazko prakekin ibiltzen nintzenean, busti eta pisuarekin erori egiten zirela. Gore-Tex prakekin ez dut esango egun osoan euritan ibilita lehor helduko zarenik aterpera, baina babes handiagoa eskaintzen dute».

Urteekin, 1969ko ehuna asko garatu da. «Hasieran oso zakarra zen, plastikozkoa, pisutsua zen, armadura jantzita zeneramala zirudien», dio Josune Bereziartu eskalatzaileak. Jostura termozigilatuak erabiltzen hasi zirenetik, ordea, produktuak «onera» eginduela dio. Dena dela, oraindik mugak topatzen dizkio: «Hezetasuna eta haizea nahasten diren egoeretan ondo egokitzen da, horretarako baino ez da aproposa». Aldiz, euri jasetan eta izotz eskaladan «kolapsatu» egiten dela dio. «Busti egiten zara azkenean. Kirol hauetan, egoera aldakorretan mugitu behar bazara soilik eraman behar da Gore-Tex, badaezpada». Uriarterentzat ere, hitz laudoriotsuak gorabehera, Gore-Tex-ek badu itzalik, oinetakoei dagokienez, bereziki: «Larrua, ondo zainduta, askoz iragazgaitzagoa da. Gore-Tex duten botak oso arinak dira, baina pare bat ordutan blaitzen dira oinak». Gainera, azpimarratu du zapatetako Gore-Tex-ek ez duela txaketetakoak adina denbora irauten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.