Alex Tello. Antzerki zuzendaria

« Edonork antzez dezake edozein pertsonaia»

Antzezlanean aktoreen benetako izenak erabili ditu, horrek ikuslea identifikatzea erraztuko duelakoan. «Bere tokian bera dago, baina zu izan zintezke». Ispilu efektua lortzea du helburu antzezlanak.

KILOMETROAK 2015.
Ihintza Elustondo
Usurbil
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Aitzindaria» dela esaten diote Jendartean bidaide antzezlana Alex Tello zuzendariari. Hark uste du ez lukeela hala izan beharko. Oraingoz, Usurbilen taularatuko dute, baina gustatuko litzaioke leku gehiagotan egitea.

Zein da antzezlanaren ideia?

Mendekotasunaren gaia da muina. Zeintzuk dira mendekoak? Seinalatuak? Argi eta garbi ikusten dugu: gurpil aulkian dago; beraz, mendekoa da. Edo Downen sindromea du, gorra da, itsua da... Mendekoak modu batera edo bestera denok gara. Aurreiritzien eta etiketen istorio horri buelta ematea da ideia.

Aurretik landu gabeko gaia al zen zuretzat?

Gizarte Hezkuntza ikasi nuen, eta bost urtez kale hezitzailea izan nintzen. Adineko jendearekin ere lan egin dut, eta, Katxiporretan aktorea naiz, gainera. Iaz autismoa landu genuen, eta baita kirol egokituaren gaia ere.

Nola sortu zenuen gidoia?

Ideia da egun guztiak berdinak direla, baina era berean ezberdinak. Ez dakigu zer gertatuko den. Pertsonak gara, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Baina batek daki, hemendik urte batzuetara, ni egon naiteke gurpil aulkian, edo itsu gelditu. Ez nekien zein antzezle izango ziren gidoia idazten hasi aurretik. Edonork antzez dezake edozein pertsonaia. Testu bat dago, banatuko dugu, eta berdin du nork zer egin. Ez dago pertsonaiarik pertsonaren ezaugarrien araberakorik.

Zer moduzkoa izan da lan prozesua?

Ederra, eta, aldi berean, lan handia. Taldea osatzea zaila izan da. Hasieran, deialdi ireki bat egiteko asmoa genuen, baina denbora gutxi genuen, eta jende ezaguna bilatu genuen. Lehenengo gauza beraiekin hitz egin eta ezagutzea izan zen, eta nirekin lan egiteko modukoak zirela ikusi nuen.

Zein ondoriotara iritsi zara?

Esperientzia honekin atera dudan ondorio nagusia da zintzotasunak zenbaterainoko garrantzia duen. Zuk pentsa dezakezu modu batera edo bestera, izan zaitezke halakoa edo bestelakoa, baina, elkarrekin zintzoak bagara elkar ulertzeko aukera izango dugu, eta moldatuko gara.

Zer eman dizu proiektuak?

Ikuspegia zabaltzen dizu. Talde honek hori du; denek erraztasuna ematen dute. Askotan esaten duzu: «Nik lan egingo nuke egun batean Kandido Urangarekin, Elena Iruretarekin, Penelope Cruzekin...» Non dago ideala? Nik, agian, hau nahiago dut.

Uste duzu halako lanek hezuntza eredu ideal baterako mugak hausten laguntzen dutela?

Obra ikusiko dutenei zerbait utziko die; obra ikusiko ez dutenei, ez. Oraintxe, errealitatea da 155 lagunek ikusiko dutela —gaur, Usurbilen—. Hedabideetan ere aterako da. Zertan datza? Obra mugitzen bada, halako lanei bultzada emango baliete, jendearengana iristen bada, eskola kanpaina bat egingo bagenu... Jendeak ikusten badu, zabalduko da, baina ikusten ez badu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.