Gizon batek anaia hil du Tafallan, eta ondoren bere burua entregatu du

Bi anaiak bizi ziren etxean izan da hilketa. Hiltzaileak bi sastakada eman dizkio anaiari. Foruzaingoa kasua ikertzen ari da

Foruzain bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Erredakzioa
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gizon batek anaia hil zuen herenegun gauean Tafallan (Nafarroa). Hildakoak 50 urte zituen; hiltzaileak, berriz, 44. Foruzaingoak jakinarazi zuenez, hiltzaileak bere burua entregatu zuen 06:30 aldera, eta Polizia kasua ikertzen ari da. Hori dela eta, Foruzaingoak ez du kasuari buruzko informazio gehiagorik eman.

Hilketa Tafallako San Martin Unx kalean gertatu da, bi anaiak bizi ziren etxean. Hiltzaileak bi sastakada eman zizkion anaiari, bat lepoan eta bestea aurpegian. Foruzaingoaren arabera, aurrekari penalak ditu droga trafikoagatik, eta negatibo eman zuen drogen edo alkoholaren eraginpean ote zegoen jakiteko egin zizkioten probetan. Poliziak jakinarazi zuenez, bi senideen arteko harremana ez zen ona, eta aurrez ere izan zituzten liskarrak.

Hainbat hedabidek zabaldu egin dituzte anaien izen-abizenak. Hiltzailea Cesar Gascon Zuazu dela esan dute; Iruñeko Alde Zaharrean kaleko mimo gisa aritzen da, eta oso ezaguna da hirian. Hildakoa, berriz, Marcos Gascon Zuazo da.

«Izugarria»

Gertakarien inguruan harridura agertu zuen atzo Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak. Gertatutakoa «izugarria» dela adierazi zuen, eta jakinarazi Foruzaingoak ikerketa fasea amaitu arte ez dutela emango ezbeharraren beste inguruko daturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.