MEATEGIAK LURPERATZEN

Espainiako lur azpiko ikatz meatoki gehienak ixtear daude. Energia garbiagoen aldeko apustuak eta Europako Batasunaren neurri gero eta zorrotzagoek etorkizunerako aukera gutxi utzi diote ikatz zikinagoari. Meategi eskualdeek birmoldaketa bidezkoa izatea nahi dute, inor atzean utziko ez duena.
Meatzariak, Hunosaren Asturiasko San Nicolas meategitik ateratzen, joan den urteko martxoan.
Meatzariak, Hunosaren Asturiasko San Nicolas meategitik ateratzen, joan den urteko martxoan. JOSE LUIS CEREIJIDO / EFE

Irune Lasa -

2018ko uztailak 22
Ikatzarenak egin du Europan. Zalantza bakarra da noiz itxiko diren meategiak eta ikatzezko zentralak, noiz emango zaion azken adioa ikatzari.

Argindarraren sorkuntzan egin daiteke karbono isurketen lehen murrizketa handia, lurreko tenperatura berotzen duten isurketena. Efizientzia neurriek, nolabait, eutsi egingo diotelako eskariaren hazkundeari, eta energia berriztagarri gero eta merkeagoek nahikoa argindar garbi ekar dezaketelako. Argindarraren sorkuntza deskarbonizatzea ez litzateke lorpen makala. Europan, esaterako, argindarra sortzerakoan egiten da CO2 isurien laurdena.

Eta, klimaren ikuspegi horretatik, ikatza erretzea da argindarra sortzeko modurik okerrena, baita beste erregai fosilekin alderatuta ere. Argindar kopuru bera sortzeko, ikatz zentral batek gasezko batek baino %40 karbono dioxido gehiago isurtzen du atmosferara, eta petroliozko zentral batek baino %20 gehiago. Ikatzezko zentralek, gainera, CO2az gain, sufre dioxido eta nitrogeno oxido asko jaurtitzen dituzte atmosferara.

Horiek horrela, Europako Batasuna gero eta estuago ari da hartzen ikatzezko zentralak. Adibidez, karbonoa isurtzeko eskubideen merkatuan moldaketak egin ditu, eta, aldaketen ondorioz, ikatzezko zentralei aurten bikoiztu egin zaie isuritako CO2 tona bakoitzeko ordaindu beharrekoa. Europak, gainera, asmoa du preziook garestitzen jarraitzeko.

Horrez gain, ikatzezko eta petroliozko zentral termiko zikinenen itxiera ere agindu du Europak: sufre dioxido, nitrogeno oxido eta partikula txikien isuriak murrizteko teknologiarik gabeko zentralik ez da egongo 2020ko ekainetik aurrera. Berrikuntza teknologiko oso garestiak dira horiek, eta horrek hainbat zentralen itxiera ekarriko du, haien errentagarritasuna ezerezean geldituko delako.

Espainian, gaur egun, ikatzezko hamabost zentral daude jardunean. Haiek sortzen dute herrialdeko argindarraren %17, eta haiek isurtzen dituzte herrialdearen berotegi efektuko gas guztien %14.

Ikatzezko zentralak

Eta litekeena da hamabost zentral horietatik erdiak itxita egotea bi urteren buruan. Iberdrolak aspalditik itxi nahi ditu bere bi zentralak. Endesak eta Naturgyk gutxienez bina zentraletan baztertu dituzte 2020tik aurrera jardun ahal izateko ezinbesteko inbertsioak, eta Viesgok ere gauza bera egingo luke bere zentraletako batekin.

Orain gutxira arte, PPren gobernuak eta Alvaro Nadal Energia ministroak eragotzi eta atzeratu nahi izan dituzte itxiera horiek, argindarraren prezioa eta hornikuntzaren jasangarritasuna argudiatuta. Eta, jakina, ikatz meatzariak ere kontra daude. Ixtera doazen zentral horietako bost daude Espainia ipar-mendebaldean, Asturiasen, Leonen eta Galizian, historikoki ikatz meategien eskualdeak izan direnetan. Beste zentral bat Teruelen dago, meategi eskualdea hori ere.

Loturak zuzena dirudi; zentralak ixten badira, meategiak ere bai. Hala ere, eremu horietako gainbehera aspalditik dator, zentral gehienek atzerriko ikatz merkeagoa —eta, zentralen esanetan, eraginkorragoa— erabiltzen dutelako.

Gasaren hedapena, automatizazioa, atzerriko ikatza... 80ko urteen hasieran 50.000 meatzari zituen sektorea gero eta txikiagoa da —ez da 3.000 meatzaritara iristen gaur egun—. Neurri handi batean, orain arte meategiek zabalik iraun badute diru laguntzei esker iraun dute.

Eta, hain zuzen, iturri hori ere itxiko zaie orain: Europaren aginduz, hurrengo urtetik aurrera ikatz meategiek ezingo dute diru laguntzarik jaso. Ez hori bakarrik: zabalik jarraitu nahi badute, 2011. urteaz geroztik jasotako laguntza guztiak itzuli behar dituzte. Dirutza bat, alegia.

Carbunion patronalaren arabera, 524 milioi euro jaso dituzte Espainiako meategiek 2011tik, eta diru horren zati handiena Hunosa enpresa publikoak eraman du. Hunosarenak dira, gaur egun, Gizarte Segurantzaren Ikatz Meatzaritzarako Erregimen Bereziko 2.265 afiliatuen erdiak.

Europako neurri horrekin, praktikoki, lur azpiko ikatz meategi guztiak itxiko dira, haien lehiakortasuna askoz ere txikiagoa delako, erauzte kostu handiengatik. Jakina, neurria ez da goizetik gauera etorri. «2012an onartu zen meatzaritzaren itxiera modu ordenatuan egitea. Baina nik meatzaritzaren itxiera bakarrik ikusi dut, eta modu ordenaturik, inon ez», gaitzetsi du Jesus Crespok, Espainiako CCOOko erauzketa industrietarako idazkariak. Crespok BERRIAri azaldu dionez, lur azpiko meategiak egoera oso konplikatuan daude, asko konkurtsoan edo likidazioan. «Oso zaila litzateke haietan jarduera berreskuratzea».

Etorkizun iluna

Aire zabalean dauden meategiek dute aukera gehien zabalik jarraitzeko, errentagarriagoak direlako eta laguntza gutxiago jaso dituztelako. Hala ere, nori salduko diote ikatza, gero eta zentral gutxiago egongo badira eta zentralek nahiago badute atzerriko ikatza? Egia da zentralek, azken hilabeteetan, hemengo ikatz gehiago kontsumitu dutela, nazioarteko prezioak igo egin direlako. Hala ere, iaz, Espainiako ikatzezko zentralek kontsumitutako ikatzaren %87 atzerrikoa zen.

«Nork bermatzen du herrialde gatazkatsuetatik datorren ikatz horren hornikuntza? Eta haren erauzketa bidezkoa dela?», galdetu du Crespok. Argindarraren hornikuntzaren segurtasuna da ikatzari eusteko meatzariek aipatzen duten argudioetako bat,ikatza sostengu energia ona izan daitekeela sistemarentzat. Izan ere, energia berriztagarriekin argindarraren hornikuntza hori ez dago ziurtatuta, argindarra neurri handietan biltegiratzea ezinezkoa delako oraindik, eta haize, eguzki edo euri faltan berriztagarrien hornikuntzak kale egin dezakeelako.

Ikatzaren defentsarako beste argudio bat argindarraren prezioa da. PPko Alvaro Nadal ministroak ere, bere garaian, hainbatetan aipatu zuen hori. Ikatzezko zentralak itzaltzen badira, zer gertatuko da prezioekin? Lehorte batek zenbateraino eramango du argindarraren salneurria? «Ikatzak prezioak baretu ohi ditu», uste du CCOOko kideak.

Argudioak argudio, Espainiako meategi eskualdeetan ondo jabetzen dira egoeraz: «Argi daukagu birmoldaketa bat beharko dela. Arazoa da hori nola egiten den. Bidezkoa izatea». Sindikatuek ez daukatelako batere argi hori. Pedro Sanchezen gobernuaren asmoen berri, oraingoz, komunikabideetatik soilik izan dute, CCOOkoek behintzat. Ekainaren 14an eskatu zuten bilera Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroarekin, eta oraindik ez dute erantzunik. Hala ere, Riberak jada esan du ikatzak ez duela etorkizunik eta ikatzezko zentralek ez dutela zentzurik. 2030erako ikatzetik datorren energiarik ez egotea nahi du Europak, baina Ribera data hori aurreratzea pentsatzen ari da.

Jesus Cresporen ustez, 2025era bitartean ere badago astia zer egin behar den definitzeko. «CCOOn esaten dugu transformazioa egin behar dela, baina bidezkoa izan dadila. Neurtu egin behar dira enpleguan, industrian eta lurraldean izango dituen inpaktuak. Ez dezagun inor atzean utz, ahaztuta». Crespok ez ditu gogoan soilik meatzariak eta zentral termikoetako langileak. «Erretiro aurreratuekin horiek ez dira horren gaizki geldituko. Baina zer gertatuko da gure familiekin? Azkenean, lurralde horietan bizitza egotea nahi dugu, gure seme-alabak ez daitezela behartuta egon kanpora joatera; ziurtatzen dizut eremu horiek biztanleria asko galdu dutela».

Meategien itxiera aurreikusita, inbertsio zenbait egin izan dira eremu horietan, baina krisiarekin galdu egin ziren inbertsio horietako asko. Industria txiki bat sortu zen, eta iraun du orain arte, baina, Cresporen arabera, ezinbestekoa da inguruotan industria handiagoak izatea.

Horrekin lotuta, eskualdeok belztu dituzten enpresa handien ardura ere aipatzen du. Haien lurretatik erauzitako aberastasuna gogoan, egungo inbertsioak ez daitezela soilik enpresa horien akziodunentzat izan, baita eskualdeentzat ere. «Azkenean, entzun eta entzun ari gara energia berri horiek, industria berri horiek milaka lanpostu sortuko dituztela... Nik hemen galtzen ditugunak soilik ikusten ditut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna