Qatarko Munduko Kopa. B multzoa

Ingalaterra. Mende erdi loria dastatu gabe

Ingalaterrak behin irabazi du Munduko Txapelketa: 1966an. Bi emaitza on kateatu arren, Guillermo Alonso Leeds Unitedeko teknikariak dio ez dagoela «hautagai nagusien» zerrendan.

Harry Kane, Ingalaterrako izarra, sailkatze fasean San Marinori gol bat sartzen. ETTORE GRIFFONI / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Hirugarren ahaleginean, txapeldun. Hori pentsatuko dute Ingalaterrako selekzioa osatzen duten jokalariek, teknikariek, eta, nola ez, jarraitzaileek. 2018ko Munduko Kopan finalerdietara iritsi zen Gareth Southgateren selekzioa, eta, iaz, Eurokopan, Italiaren aurka galdu zuten finala, etxean. Gerturatzen ari da, baina ez da etxera ailegatzen. Hiru lehoien selekzioak behin baino ez du irabazi Munduko Kopa, eta aspaldi izan zen hori, 1966an. Urrun geratzen dira beraz Bobby Charltonen, Gordon Banksen eta Bobby Mooren balentriak. Luze egiten ari zaie itxaronaldia.

Kanporaketetara igarotzeko bidea «erraza» izan daiteke. Hala uste du, behintzat, Guillermo Alonso Leeds Unitedeko analisi departamentuko entrenatzaile buruak (Buenos Aires, 1975). «Inolako zailtasunik gabe gainditu beharko luke multzoa». Baina, behin hori eginda, Alonso ez da hain baikorra. «Ez nuke hautagai nagusien artean sartuko. Nire ustez, Hego Amerikako selekzio batek irabaziko du».

Duela urtebete jokatu zen txapelketako taldearekin antz handia izango du Ingalaterrak. «Maila handiko jokalariak daude zerrendan, baina talde gisa hobeto jokatzea falta zaiela uste dut». Taldea xeheago aztertu du Alonsok: «Oso lehiakorrak dira. Aurrealdean jokalari oso azkarrak eta zorrotzak dauzkate, baina atzealdean, baloia mugitzean, zailtasunak izango dituzte». Deialdian hutsune «garrantzitsu» batzuk —Reece James, adibidez— baditu ere, zerrenda «orekatua» osatu dutela iritzi dio.

James Ward-Prowse ez badago ere, geldikako jokaldietarako jaurtitzaile onak dituzte. Hori izango du indarguneetako bat: «Oso jokalari handiak dituzte, eta Premier Leaguen astero ikusten da zenbat gol sartzen diren halako jokaldietan. Araudiarenmuga-mugan dauden blokeoak egiten trebeak dira».

Erritmo «moteletako» partidetan ere ondo molda daitezkeela uste du. «Tenperatura beroen eraginez neurketak mantsotzeak mesede egin diezaieke. Gainera, taldeak badaki atzean sartuta ondo defendatzen, eta atzera egiteko trantsizioa ona dute». Alabaina, baliteke neurketari erritmo gehiago sartzea kostatzea: «Atzetik baldin badoaz, ez dut neurketak iraultzeko gaitasun horrekin ikusten selekzio hau, nahiz eta Ingalaterran asko erabiltzen den box to box esaldia. Bai, agerikoa da neurketa bat desorekatu dezaketela Jack Grealish, Foden eta halako jokalariekin, baina halako egoeratan dezente sufritu dezakete».

«Gose» falta

Ingalaterrako selekzioko jokalariei «irabazteko gosea» falta zaiela iritzi dio Alonsok. «Ez dut txapelketa handi bat irabazteko beharrezkoa den determinazio horrekin ikusten. Hego Amerikako selekzioek denbora asko daramate Munduko Txapelketa irabazi gabe, eta, atzera ere, euren futbola gailurrean jartzeko asmoa dute». Baieztapen horretan sakondu du: «Punta-puntako zenbat jokalari ingeles daude Ingalaterratik kanpo? Atzerritarren etorrerak liga indartzen du, eta bertako jokalariak hobetu. Bainaanbizio pixka bat falta zaie».

Aulkitik Southgatek gidatuko du Ingalaterra, eta joko zelaitik, Harry Kanek. Kapitaina, selekzioko izarra eta golegilea da Tottenham Hotspurreko aurrelaria. «Erasoko zutabe garrantzitsuena da: haren inguruan antolatzen du Southgatek taldea. Gol asko egiteaz gain, zuzenean edo zeharka asko sortzen du. Oso mugimendu inteligenteak egiten ditu: erabakigarria eta eraginkorra da». Beste 25 jokalarien ekarpena ere beharko dute. Gainera, oraingoan ez dira etxean ariko. Halere, 1996an publikatutako It´s Coming Home abesti famatuarenzati bati heldu nahi diote orain zaleek: «30 urtez iraun duen minak ez dit inoiz amets egitea galarazi». 56 urte igarota ere berdin balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.