Kontxako Bandera. UR APARRETAN

Azken dantza bat

Ane Pescador - San Juan taldeko arraunlaria

2018ko irailak 11
Irailaren 8a, larunbata. Iritsi da denboraldiko azken dantzarako unea. Sentipen ugari darabilzkit barruan une honetan. Gogoa, horrenbeste denboran prestatu dugun hori erakusteko; urduritasuna, gurea dakigun bezain ondo erakustearen nahiarengatik.

Neguko lanak urrun gelditu zaizkigu jadanik, buruak baduelako gauza onenekin gelditzeko dohain berezi hori.

Oztopoak oztopo, aurrera egin dugu egunez egun hobetzeko saiakera horretan. Oztopoen aurrean, hortzak erakutsi eta handi egin gara, oso handi, guretzako traba izango den olaturik ez dagoela erakutsiz.

Ontzi txikietan lehiatu ostean, ontzi handian elkartu gara hemeretzi arraunlariok eta Anartz, entrenatzailea. Guztion indarrak batu eta mugarik gabe amestutako guztia egia bihurtu dugu. Inoiz lortu gabekoa egin dugu, bosgarren urtez jarraian Euskotren liga irabazi dugu. Baina oraindik ez gara ohartzen egin dugunaz, ez gara jabetzen historiaren zati bat arrosa kolorez idatzi dugula. Hemendik urte batzuetara, egunkari zaharrei begiratuz, lortu dugunaz jabetuko garen esperantza daukat.

Inoiz ezagutu dudan talde gizatiarrena da hau. Inork, inoiz, talde honekin irabazteak sortzen didan harrotasunaz baleki... Begiak malkoz bete zaizkit behin baino gehiagotan sasoiko azken paladak iritsi ahala, tostartean sentitutako guztia berriz noiz sentituko ote dudan pentsatuta. Ontzi honek sentiarazi diguna, eman digun guztia berezia da oso. Eta, horregatik, azken dantza honetan gure onena eman nahi dugu.

Irailaren 10a, astelehena. Inoiz eduki dudan biharamunik goxoena da hau. Lortu dugu, egun handienean handi izan gara. Eta hau ez dago ordaintzerik.

Harrotasun handiz... Harroxa!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna