Opera

Iluntzean gailentzen diren ahotsak

Txillida Leku museoan Pucciniren 'La bohème' operaren bertsio berezi bat eman dute, Emiliano Suarezek eta Macarena Bergaretxek prestatua. Emanaldi bakarra egin dute; taldeak aire zabalean eginiko lehena izan da.

Mimi eta Rodolfo Txillida Lekuko zelaian egindako La Boheme obraren entsegu orokorrean, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
Hernani
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Agertokian sakabanatuta zebiltzan antzezleak. La Bohème operako pasarteak prestatzen, nor bere ahotsa berotzen, ingurua ezagutzen. Opera Garaje taldeko kideek ez zuten edozein toki aukeratu Pucciniren obraren beren bertsioa aurkezteko. Txillida Leku museoko (Hernani, Gipuzkoa) zelaian barrena batera eta bestera ibili ziren interpreteak herenegun iluntzean, entsegu orokorra hasi aurretik. Pixkanaka, gonbidatutako kazetari eta argazkilariak hurbiltzen hasi ziren. Nork berean jarraitu zuen, Macarena Bergaretxe zuzendariak megafonotik hitz egin zuen arte: «Bakoitza bere lekura; bost minutu barru hasiko gara». Herenegungo entseguaren ondotik, atzo iluntzean egin zuten operaren emanaldi bakarra, leku berean.

Erronka berria zen bai Txillida Lekurentzat, bai Opera Garajerentzat. Lehen aldia zen museoak opera emanaldi bat hartzen zuela, eta, era berean, taldearentzat aire zabalean antzezten zuen lehen aldia izan zen. Genero lirikoa modernizatu eta publiko berrietara zabaldu nahi du Opera Garajek, eta museoko zelai zabala aukeratu zuen La Bohème-rentzat: Eduardo Txillida artistaren eskulturek inguratzen dutena.

Eguraldia lagun izan zuten entsegu orokorrean, eta eszenografia eta atrezzoa hurrengo eguneko emanaldirako prest uzteko ere baliatu zuten saioa. Lekua girotzeko objektu gutxi erabili zituzten, nahikoak garaje bat irudikatzeko: gurpilak, mahai bat eta auto bat. Horien artean mugitu ziren obrako protagonistak, Mariola Cantero eta Pancho Corujo, obran Mimi eta Rodolforen rolak jokatzen dituztenak, eta maila handiko abeslariak biak ere. Lehenengo zatiaren amaieran agertu ziren biak mahaiaren ingurura, elkarrekin kantatuz, Mimiren eta Rodolforen arteko harremanaren hasiera irudikatzeko. Bien arteko maitasun istorioa da obraren ardatz nagusia, eta bidaia horretan lagun dituzte Marcello, Musseta, Schaunard, Colline eta Benoit pertsonaiak, Borja Quiza, Ruth Teran, Javier Galan, Stefano Palatchi eta Pedro Quiralte artistek interpretatzen dituztenak, hurrenez hurren.

Agertokitik kanpo kokatu zuten pianoa, eta, bertatik, obra guztiari giro soinua jarri zion Borja Mariño musika zuzendari eta pianistak. Abeslariek, ikusleen berotasuna sentitu ez bazuten ere, kazetari bakar batzuk eta hasieratik bukaerara txaloka aritu ziren lantaldeko kideak izan zituzten lagun. Entseguan beste ikuslerik egon ez arren, hurrengo eguneko publikoarentzat anfiteatro natural baten moduan kokatu zituzten aulkiak, eszena guztien ikuspegirik egokiena lortzeko eta obraren xehetasun guztiak jasotzeko. 20:00ak inguruan, artistek saio nagusia izango balitz bezala ekin zioten obra antzezteari.

Orduaren garrantzia

Entsegua ordu horretan hasi bazen ere, 20:30ean hasteko programatu zuten atzoko emanaldia. Ekitaldi askotan orduak garrantzi handirik ez badu ere, kasu honetan eszenografiari laguntzeko ñabardura esanguratsua zen: Pucciniren obraren argumentu dramatikoak aurrera egin ahala, gaua heldu, eta atmosfera berezi bat sortzea lortu zuten iluntasunaren eta argien arteko kontrastearekin eta antzezleen ahotsekin.

Entsegua luzatu egin zen, eszena bakoitzean egin beharreko hobekuntzak aipatzeko erabili zutelako saioa. 22:30ak aldera amaitu zuten, oraindik argi naturalaren izpiak zeruan nagusi zirela, baina pozik eta gogotsu agurtu ziren, hurrengo egunaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.