Ekaineko Europar Kontseilua. Euroaren goi bilera

Oraingoan, saguaz erditu ere ez

Euroaren birfundazioa adostu behar zuen goi bileran ia ez da aurrerapenik izan. Macronek eta Merkelek iragarria zuten euroguneko aurrekontu propioa ez da aipatu ere egin ondorioetan
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, atzo euroari buruzko goi bilerara iristen.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, atzo euroari buruzko goi bilerara iristen. JULIEN WARNAND / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 30
Esoporen alegia zaharrak dio mendietan zarata izugarria sortu zela, inguruan bizi zen herritar oro beldurtzeraino. Azkenean, orroen atzetik, mendiak sagu txiki batez erditu ziren. Europak erabakiak hartzean aurreikuspen handiak ez betetzeko duen joera irudikatzeko, behin batean aipatu zuen Altiero Spinelli Italiako politikariak. Antzera esango zuen euroa birfundatu behar zuen goi bilera erabakigarriarekin. Oraingoan, ezta saguaz erditu ere.

Brexit-ak eta Emmanuel Macronen garaipenak animatu zuten euroaren etorkizunari buruzko eztabaidari heltzea. Bere buruari presa jarri zion Europak, erabakiak azkar hartzeko. Urtebete geroago, hasierako kemen guztia galdu du eztabaidak, Merkelek Alemaniako hauteskundeen ondoren izan dituen arazoak behin eta berriro atzeratuta, eta bukatu du migrazioari lotutako gatazkak irentsita.

Porrotetik salbatzen saiatu zen ardatz frankoalemaniarra, aurrera begirako gutxieneko bide orri bat adostuta goi bileraren atarian. Proposamenari ongi etorria eman zaio batzarraren ondorioetan, baina ezer gutxi gehiago. Macronek Merkeli atera zion emaitzarik interesgarriena, euroguneko aurrekontu baten hastapena izango zena, aipatu ere ez da egiten ondorio labur horietan.

Elkartasunaren eta arduraren arteko eztabaida izan da. Macronen diseinuan, diru batasunak iraun dezan ezinbestekoa da eurogunearen barruan batasun politiko eta fiskalerako urratsak egitea. Horixe da eurogunerako aurrekontu baten oinarria.

Tesi horrek, ordea, hiriburu asko asaldatu ditu. Liga Hanseatiko berriko herrialdeek —Herbehereak, Suedia, Irlanda, Danimarka, Finlandia eta herrialde baltikoak— aliatu gehiago bildu dituzte, eta proiektuaren aurka azaldu dira Belgika, Luxenburgo eta Malta. «Arrisku morala» aipatzen dute, eta blokeak izan beharreko neutraltasun fiskala galtzeko zorian ikusten dute. Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak oso garbi utzi du ez daudela prest proiektu hori ezta modu sinbolikoan onartzeko ere. «Zergapekoen diruari buruz ari gara», kritikatu zuen.

Pilota aurrera, abendura

Konpromiso argi bat baino ez dute adostu EBko liderrek: ESM erreskate funtsa azken kreditu emailea bihurtuko da bankuak likidatzeko sisteman. Berez, bankuen krisiak direla-eta dirua jarri behar bada, lehenik eta behin finantza sektoreak berak hornituko duen pote batetik aterako da, baina, berme gisa, ESMtik ere dirua jarri ahalko da. Likidatzeko funtsak adina diru —60.000 milioi— bideratu ahal izatea aurreikusita dago. Atzoko bileran ez zen zenbatekorik adostu, ordea.

Gainerako kontuetan, pilota abenduan egingo den hurrengo Europar Kontseilura bota zuten. Hala gertatuko da banku batasuna bururaino eramateko falta diren urratsekin. Ondorioetan, bankuetan arriskua mugatzeko neurriak urtea amaitu baino lehen onartzeko helburua ezarri dute, eta soilik orduan hasiko dira aztertzen aukera dagoen edo ez negoziazioak abiatzeko gordailuak bermatzeko aseguru komun bat eratze aldera.

Krisiak azaleratu zituen ahuldadeak konpondu gabe segituko dute. Bankuen, zor subiranoaren eta finantza publikoen arteko lotura gaiztoa ez da zuzendu. Italiako gobernu berria izendatzeko prozesuak finantza merkatuetan sortu zuen zurrunbilo txikia horren oroigarri izan da duela gutxi. Grezia, Irlanda, Portugal, Espainia eta Zipre erreskatera eraman zituen desorekak etorkizunean errepikatzeko arriskuak ez dira desagertu. Banku batasunaren bidez zulo bat jostea zen helburua, tresna bateratuak indarrean jarrita, baina gordailuak bermatzeko tresna komun bat eduki arte, herrialde bakoitzaren bizkarrean eroriko da krisiei erantzuteko zama, eta bistakoa da nola amaitu zen hori 2010etik aurrera.

Azken urteotan elkartasuna handitzeko neurri guztiak blokeatzen aritu dira Ipar Europako herrialdeak, aldez aurretik finantza krisiak utzi dituen galerak eta oinordetza garbitu behar zirela argudiatuta. Asteon bertan Eurotaldeak alor horretan egin den aurrerapena azpimarratu du. 50 neurri baino gehiago indarrean jarri dira arriskuak mugatzeko. Kapital, zorpetze, likidezia eta finantzaketa egonkorrean arauek eskatutakoaren gainetik dago euroguneko finantza sistema. Berankortasuna eta kreditu ustelak %33 jaitsi dira, eta mailegu guztien %4,4 dira uneotan, salbuespen adierazgarri batzuk dauden arren. Eurotaldea uste du banku batasuna amaitzeko baldintzak bete direla.

Italiako lehen ministro Giuseppe Conte saiatu zen estatu kideetako negoziatzaileek aldez aurretik adostutako testua aldatzen, kreditu ustelak murrizteko egin duten ahaleginari aipamena jasotzeko. Ez zuen lortu. Hurrengo aukera du abenduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna