LEGE BERRIA

2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Frantziako Asanbleako lege batzordea aztertzen hastekoa zen barda Frantziako agintariek asiloaz eta immigrazioaz aurkeztutako lege proiektua. Diputatuek apirilaren 16an hastekoa dute horren bozketa. Bitartean, lege gehigarrien aztertzen eta adosten dabiltza bereziki. Bi helburu ditu ofizialki legeak: bata, «paperik gabekoen» urruntzea «erraztea»; eta bestea, asilo eskaeren erritmoa «bizkortzea». Hori diskurtso ofiziala. Etorkinekin lanean ari diren elkarteek, berriz, «eskubideen gibelatzea» salatzen dute, Cimade elkartearen hitzetan.

Giltzapetzea, 90 egunera luzatua. Atxikitze zentroetan gehienez 45 egunez atxikitzen ahal dituzte etorkinak gaur egun. Epe hori bikoiztea proposatzen du legeak, migratzailearen sorterriko kontsulatuarekin etorkina bidaltzeko baimenaz negoziatzeko tartea luzatzeko. Baina Cimade elkarteak ohartarazi du kontsulatuaren baimena hamabi egunez trenkatzen dela, eta hortik at ez dela etortzen baimenik. Hala ere, etorkinek preso segitu ohi dute.

Dei egiteko tartea, laburtua. Atxiloketa aldia luzatua bada, gainerateko epe guztiak laburtzea proposatzen du legeak. Dela asiloa eskatzekoa, dela eskaera ukatu ondoren etorkinak sorterrira bidaltzekoa, eta dela helegitea aurkeztekoa. Alta, eskaera egiteko ere, etorkinak epe bat beharrezkoa duela esplikatu du Jean-Daniel Elixiri Atherbeako buruak; bere istorioa, usu traumatikoa dena, kontatzen hasi ahal izateko, hitzak aurkitzeko. Hiruzpalau hilabete behar direla dio Elixerik. Legean, bi hilabete proposatzen dituzte.

Integraziorako aukerak. Alde baikor bat baldin badu legeak, etorkinak integratzeko atala izan daitekeela dio Elixirik. Baina ez du gehiegi luzatu nahi gaiaz, eta legearen azterketa apirilaren 20an eta 21ean Baionan egitera gonbidatu du, Atherbea, Bizi, Cimade eta Etorkinekin elkarteek antolatu solasetara: «Immigrazioa beste gisa batez pentsatzeko, lekuan bertan eraginez».

Defentsa jarreraren kalteak. Hori bai, Elixirik gaitzetsi du lege proiektu horren eta oro har agintariek immigrazioaren gaian duten «defentsa jarrera». Etorkinak «lanjer potentzial» eta «mehatxu» gisa aurkezten dituztela eta, «eskuin muturraren» jokoa egiten dutela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.