Ebola. Antropologiaren erantzuna

Espero ez zen tokitik

Adituek iragarria zeukaten aurtengo urrian segur aski zabalduko zela ebolaren gaitza Afrikatik beste kontinenteren batera. Europara, esaterako, Frantzia eta Erresuma Batutik sartzea espero zuten.
Miguel Pajares ebolaz gaixotutako apaiza, Madrilgo Carlos III aireportutik ospitalera eraman zutenean, abuztuan.
Miguel Pajares ebolaz gaixotutako apaiza, Madrilgo Carlos III aireportutik ospitalera eraman zutenean, abuztuan. EFE

Iñaki Petxarroman -

2014ko urriak 12
Adituek iragarria zuten oso handia zela Frantzian eta Erresuma Batuan urrian ebolaren birusa zabaltzeko arriskua. Bostongo Unbivertsitateko Eredu Sistemiko Biologiko eta Sozio-Teknikoetako Laborategiak (MoBS) joan den astean iragarri zuen Frantziak %75eko arriskua zeukala ebolaren birusa bertara zabaltzeko hilaren amaierarako. Erresuma Batuak ere aukera handia zeukan: %50. Ondorio horietara iritsi ziren adituak, lekualdatze eta kutsatze abiadura kontuan hartuta, probabilitate kalkulu bat eginda. Izan ere, Europan bi herrialde horiek dituzte harreman eta trukerik handienak egun gaitza hedatuen dagoen Afrika mendebaldeko herrialdeekin.

Espainia ez zegoen arrisku handieneko helmugen artean, adituen hipotesi horien arabera. Europan, Frantziak eta Erresuma Batuak ez ezik, Belgikak, Alemaniak eta Suitzak ere arrisku handiagoa zuten kutsatuak izateko Espainiak baino. Alabaina, Afrikatik kanpo, munduko lehen kasua Espainian gertatu da, Teresa Romero Madrilgo Carlos III-La Paz ospitaleko erizain laguntzailea birusaz kutsatuta. Gaitzen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroko adituek atzo jakinarazi zutenez, ospitale hori «ez dago prestatuta halako larrialdiei aurre egiteko».

Espainiara Miguel Pajares apaiza iritsi zen abuztuaren hasieran, Liberiatik, eta iritsi eta egun gutxira hil zen, ebolak jota. Irailean, berriz, Manuel Garcia Viejo iritsi zen, Sierra Leonatik. Bi kasuetan, Espainiako Gobernuak berak agindu zuen haiek Espainiaratzeko. Bi gaixoak zaindu zituen taldeko kidea zen Teresa Romero erizain laguntzailea. Egoera larrian dago orain. Romerorena oraingoz Espainian agertu den kasu bakarra baldin bada ere, beste hamabost lagun daude bakartuta Carlos III. ospitalean.

Afrikatik kanpoko beste herrialde batzutan ere ari dira kasu bakan zenbait artatzen. Gehienetan, Afrikako herrialdeetatik iritsitako pazienteak artatu dituzte. Bost kasu izan dituzte AEBetan, eta haietako bat hil da asteon: Thomas Eric Duncan. Beste eri bat ospitalean dago , eta hiru sendatu egin dira.

Alemanian ere hiru kasu izan dituzte, denak Afrikatik iritsitako pertsonenak. Frantzian Mugarik Gabeko mediku bat artatu dute. Liberian kutsatu ostean herrialdera itzulita, sendatu egin dute. Norvegian aste honetan jaso dute lehen gaixoa Sierra Leonatik.

Bilerak

EB Europako Batasuneko osasun ministroek ostegunean salbuespeneko bilera egingo dutela jakin zen atzo. Espainiako egoera eta EBko aireportuetako segurtasun kontrolak izango dituzte mahai gainean, Bruselan.

Jon Darpon Osasun sailburuak atzo egin zuen bilera, Bilbon, Donostiako eta Basurtuko ospitaleetako buruekin. Osakidetza ebolaren aurka «behar bezala erantzuna bermatzeko prest» dagoela adierazi zuen bileratik irtetean.

Afrikatik kanpo kasu gehiago zabalduko dela ia ziur jo arren, adituen arabera oso aukera gutxi dago ebolak Afrikan hartu duen larritasuna Europan eta Ipar Amerikan berdintzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna