Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Nolako turista izan

2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Gurea ez den herri, herrialde edota kontinente batera goazenean, ia beti nabarmenduko gara. Alderantziz ere gauza bera gertatzen da: gurera datozen atzerritarrak nekez ibiltzen dira bizilagun arrunten antzera. Horixe baita turismoa: eguneroko bizimodutik atera eta ohiko ez ditugun lekuetan ibiltzea ezohiko gauzak eginez.

Turistak gehiegi nabarmentzen direnean/garenean sortu ohi dira arazoak. Eta, normalean, azkar kontsumitu daitezkeen esperientziak bilatzen dituzten bidaiek eragiten dute hori. Izan ere, ez dator bat bertako herritarren bizi erritmoarekin egun gutxian, toki jakin batzuetan, ahalik eta esperientzia=argazki gehien egiteko zaletasuna. Areago: turista legez bilatzen ditugun toki, une edota bizimodu horien berezkotasunari erasan diezaiokete modu horiek. Eta beste auzo, leku, txoko batera joanda ez da konpontzen afera. Izan ere, turismo masifikatu horren ondorioz, arazo handiak daude Europako hainbat hiritan: Venezia, adibidez, bertako herritarrik gabeko hiri bat bilakatu da; Bartzelona eta Amsterdamgo udalek hainbat neurri hartu behar izan dituzte...

Gure kaleetako asko turistez beteta dauden honetan, eman diezaiegun ahotsa bertakoei; eurak bisitatzera etorri diren auzotar horiei. Beharbada, kanpoan bilatzen dugunari buruzko zalantzak sortuko zaizkigu horrela. Eskertuko digute gurean turista diren baina beren herrian bizilagun direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.