gurutze izagirre intxauspe
HIZPIDEAK

Bihotza galdu du nonbait

2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Amaitu bide zaie amets amerikarra dreamers-ei. Gehiengehienetan Latinoamerikatik Estatu Batuetara bizimodu hobe baten bila abiatutako gurasoen seme-alabak dira; adingabe AEBetara iritsi, eta euren lege egoeraren berri izan gabe, AEBetako ohituretan murgildu, bizi eta hazi izan diren adingabeak. Gazte horiei Obamak ireki zien ate bat AEBetan paperik gabe jarraitu ahal izateko, DACA programaren bitartez. Programa horri esker, paperik gabeko 800.000 gaztek AEBetan bizitzen segitu ahal izan dute, 2012tik. Izen ematea bi urtean behin berritu behar izaten dute, programaren onurak jasotzen segitzeko. Programaren barruan daudenek azkenengo aldiz urriaren 5ean izena eman ahal izango dute, Donald Trumpek indargabetu egingo duelako programa hori. Kongresua papergabeen egoerak arautzeko lege erreforma hitzartzera behartu nahi duela esanez zuritu du bere erabakia Trumpek. AEBetan migrazioaren erreforma modu oso batean egitea aldarrikatzeko ekintzaileen eta politikarien arreta bereganatzen zuten talderik antolatuenetakoa eta indartsuenetakoa da dreamers-ena. Hori izan liteke indargabetzeko arrazoietako bat. Trumpek fiskalburua bidali du neurria iragartzera, eta gero txio bidez berretsi du DACA bertan behera utziko dutela, baina «bihotzarekin» egingo dutela. Ezin da bihotzarekin egin bihozgabea dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.