HIZPIDEAK

Autoaren mende

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Oiartzabal Azketa

2017ko apirilak 20
Autoen gehienezko abiadura orduko 30 kilometrora mugatu nahi du Iruñeko Mugikortasun zinegotzi Armando Cuencak hiri osoan. Eta ez du ezkutatu asmo hori zergatik proposatu duen orain, auto batek harrapatuta emakume bat hil berritan: «Harrapaketa bat izan eta norbait hiltzen den bakoitzean, erantzukizunaren parte bat administrazioarena da».

Ordea, ez da proposamen hori egin duen lehen aldia; otsailean Nafarroako Hitza-k argitaraturiko erreportaje batean jada nabarmentzen zituen autoen abiadura mantsotzearen abantailak. Adibidez, azpimarratzen zuen Galiziako Pontevedra hirian, non gehienezko abiadura 30 kilometrokoa den, harrapaketen ondorioz ez dela inor hil azken bost urteotan —Iruñean zazpi lagun hil ziren 2013tik 2016ra bitartean—.

Hori baino gehiago ere esan du Aranzadiko zinegotziak: «Gaur egun ibilgailu pribatuari ematen dizkiogun espazioa eta abiadura murriztu behar dira». Auto pribatuari espazioa murriztu. Kontzeptu interesgarria atera du plazara; autoen abiadurak ez ezik, haien presentzia hutsak arazoak sortzen dituela esatera baitator. Izan ere, eta autoak mantso joan arren, auto asko egoteak berak ere sortzen du arriskua oinezkoentzat. Horren harira, abiadura murrizteak autoen pilaketak saihestea lortu beharko luke, ez alderantziz.

Baina autoen presentziaren gutxitzea haiei mugak jarrita soilik etorriko al da? Ez al dira aldi berean auzoen eta hirien antolakuntza ereduak berraztertu beharko? Izan ere, garraio publiko arin eta merke bat izan ezean, haurrak eskolara eramateko, erosketak egitera joateko zein kirola egiteko ezinbestean erabili behar da autoa. Arazoa, beharbada, hirietatik erauzitako zerbitzuen kokaguneekin ere badago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna