Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Ikasleentzako irakasgaia

2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Beste behin, kalera irten dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko langileak. Beste behin, salatu dituzte murrizketak, eskatu dituzte lan baldintza hobeak, aldarrikatu dute kalitatezko hezkuntza. Bilbo, Donostia eta Gasteizko mobilizazioetan herritar askok egin dute bat mezu horiekin.

Baina greba guztietan bezala, datuen festa hasi da: grebalari kopuruari buruz sindikatuek emaniko datua (%80) ia erdira jaitsi baitu Eusko Jaurlaritzak. Jendea dagoeneko ohitu da greba bati buruzko informazio diferenteak izaten. Nolazpait, onartuta dago datu ustez objektiboak erabiltzea diskurtso bat edo beste indartzeko. Baina ikastetxeetan eskolak hartzen ari diren gaztetxoei nola azaldudiferentzia horiek?

Gauza batean baitatoz bat eragile guztiak: hezkuntza oso serio hartu behar dela. Haur guztiei aitortzen zaie eskubide hori, eta, zorionez, ia guztiei bermatzen zaie hemen gurean. Nola eta noren kontura da gakoa. Hau da, nola ari diren hezkuntzako langileak egoera prekarioan lanean, edota beren lan orduak luzatuta. Hezkuntzarako eskubidea ez baita lan mundurako trebakuntza akademikoak eskaintzea soilik; haurraren beharrak asetzea eta jada partaide den gizartean bizitzeko baliabideak eskaintzea da zeregin garrantzitsuena. Eta irakasleak ez ezik, hezkuntza bereziko eta haur hezkuntzako hezitzaileak eta sukaldeetako langileak ere badira parte. Are eta gehiago: gizarte osoa da datorren gizarte berriaren erantzule.

Hurrengo astean ere, beste behin, kalera irtengo dira hezkuntza publikoko beharginak. Atzoko adierazpenak entzunda, badirudi aldeak oso urrun daudela; baliatuko al dute datorren aste hau egunero ikastetxeak betetzen dituzten herritarrei erakusteko ahaleginduko direla konponbidea bilatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.