Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Beste urrats batzuk

2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek, PPk salbu, legez besteko proposamen bat onartu dute Sara Majarenas preso donostiarra aske uztea eskatzeko. Azpimarratu dute indarkeria matxistaren biktima izan direla Majarenas eta haren alaba, eta, horrenbestez, «ingurune seguru» batean bizi beharko luketela, zauri fisiko eta psikologikoak behar bezala sendatzeko. Beste hitz batzuekin esanda: libre bizi beharko luketela iritzi diote.

Borondate politikoa eta humanismo pittin bat balego, aspaldi erabaki zezaketen egun Madrilgo harrera etxean bizi diren ama-alabak aske uztea. Umearen aitak labankadaz eraso zion egunean bertan har zezaketen haurra amarekin aske uzteko erabakia. Biak izan baitziren erasoaren biktima, biek behar baitzuten, hasiera-hasieratik, «ingurune seguru» baten babesa.

Baina euskal presoen auzian borondate, humanismo eta azkartasun gutxi dago. Preso bat indarkeria matxistaren biktima izan arren, indar handiagoa hartzen du hura kartzelan egoteko zergatiak —euskal presoa izateak—, bizi dituen —edo pairatzen dituen— baldintzek baino.

Horiek horrela, txalotzekoa da atzo Eusko Legebiltzarrean alderdi politikoek egindako urratsa —hala ere, oraindik eztabaida egiteko dago, eta eskaera ofiziala geroago egingo dute—. Baina Espainiako Gobernuan agintean dagoen eta espetxe politikaren giltza daukan alderdiak entzungor egin du beste behin ere. Beharbada, indar politikoen arteko adostasunak agertu eta eskaerak egiteaz gainera, heldu da garaia errealitatea aldatu nahi ez duen hori interpelatzekoa. Eta ez soilik betikoek, baizik eta betikoekin ados agertu diren eta aldi berean haiekin akordioak dituzten beste batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.