HIZPIDEAK

Orain gehiago

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko maiatzak 3
Esperotakoa izanagatik, neurtu ezina da une honetan ETAk gaur jakinaraziko duen erabakiak orain hasten den aro berrian nola eragingo duen. Bere ibilbidea amaitutzat emango du erakundeak, eta modu horretan, modu batera edo bestera, Euskal Herriko historia garaikidea azken hamarkadetan gehien baldintzatu duten eragileetako bat desagertuko da.

60 urteko ibilbide baten ostean, esan daiteke inor gutxik gogoratu dezakeela dagoeneko ETArik gabeko Euskal Herri bat. ETAren sorrerak frankismoari zuzenean erantzun zion, eta zaila da irudikatzea nolakoa izan daitekeen etorkizun hori. Jakina da Espainiako Estatua saiatuko dela etekin politiko handia eman dion bide bat luzatzen, inora eramaten ez badu ere, eta ETArik gabeko ETAren aroa iritsiko dela, non erakunderik egon gabe ere helburuetan bat egiten duenaren kontra jardungo diren. Baina benetako erronka Euskal Herriko eragileek izango dute bihartik aurrera, orain eurengan egongo delako jarrita erabat Euskal Herriko politikagintzaren zama guztia. Lehenbailehen konpondu beharko dira gatazkaren ondorioei dagozkien gai nagusiak: presoak eta biktimak. Baina horiez gain, herri baten nahi politikoa beste modu batera gorpuzten asmatu beharko dute, ez dadin galdu hizki txikiz idazten den politikaren lerro artean.

ETAren azken agiria izango da gaurkoa. Eta herri honek esateko asko du oraindik. Orain gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna