jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Arrakala

2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Tituluak beste bat izan behar zuen: 80 urte beranduago hasi du epaitegi batek frankismoko krimenak ofizioz ikertzeko bidea. Duela 80 urte, jada gorputzez beteak zeuden Euskal Herriko bazter ugari. Hutsunez beteak etxe askotako txokoak. Minaz betea isiltasuna. Baina krimenak 40 urtez luzatu ziren, eta, eltzegileek bezala, buztin horretatik frankismoa altxatu zuten beren tankerara, etengabeko tornu jira batean. Ez zituen frankismoak krimenak sortu, baizik eta alderantziz. Modu berean, 1970eko hamarkada amaierako buztin moldagarri horrek beste itxura batekin jantzi zuen bere irudia, jira eta bira gehiagorekin eta zenbait apaintzaileren laguntzarekin, krimenak beste 40 urtez ikertu gabe utzi eta inpunitatearen kutxan gorde arte. Horrela lortu du frankismoak frankismoaren ondorengo aroan bizirik irautea. Gaur egun arte.

«Arrakala bat», esan dio Iraitz Lazkano Elgetako alkateak Bergarako epaitegiak frankismoko krimenak lehen aldiz ofizioz ikertzeko hasi duen bideari. Ez da lehena, eta honek ez du aurrekoek baino bide samurragoa izango epaitegietan. Baina berritasunekin dator, eta, gizateriaren kontrako krimenen zantzuak ikusita, aurki hasiko da tornua buztina pitzatu duen arrakala hori bete nahian. Berriro moldatuz. Eltzegilearen pedalkada horiek bihurtuko dira berriro bere presentziaren eta lanaren lekukoak. Krimenak ikertu gabe daudela eta ikertu behar direla oroitzeko kolpeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.