mikel p ansa
HIZPIDEAK

Bereizkidetza

2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Herrialde bateko bi milioi pertsonak, legeen azpitik eta gainetik, gauza bat eskatzen dutenean, eta eskari hori giza eskubideen kontrakoa ez den bitartean, aterabidea sinplea da: legeak aldatu behar dira, jende horien borondateari kasu egiteko, eta haiek ere, beste guztiak bezala, beren ideiekin eta bizitza proiektuekin bakean bizi daitezen. Ez da Espainiaren kasua. Gabon gaueko diskurtsoan bizikidetza hitza hitzetik hortzera hartu zuen Espainiako erregeak, Katalunia gogoan; eta PPk, PSOEk eta C's-ek mantra bat balitz bezala errepikatu dute atzetik: bizikidetza, bizikidetza... Bizikidetza ez da auzoei bizikidetza eskatzea: ez da auzokoari isilik egoteko eskatzea, norbera kantari ari den bitartean. Bizikidetza ez da denak etxebizitza bloke berean bizitzea: ez da kokapen geografiko kontu huts bat. Bizikidetzak ezin du izan bi milioi pertsonari legeetara plegatzeko agintzea, eta ukabila altxatuta mehatxu egitea. Bizikidetzaren definizio polit bat litzateke, adibidez, bizilagunari entzutea, ea zer nahi duen, eta ea hori nola egin litekeen aztertzea, aterabideez hitz egitea. Ez da Espainiaren kasua. Espainiako erregearen Gabon gaueko diskurtsoan doinu adiskidetsuago bat atzeman nahi izan du zenbaitek. Bizikidetza bada doinu kontua, bai; baina ez da pertsona baten diktatuari adi eta isilik egotea. Bizikidetza ez da sortzen 155 aldiz «bizikidetza» esanda. Eta, gainera, kontua da bizikidetzarik ez dagoen eta izateko modurik ez dagoen tokian, azkenean, bereizkidetza sortzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.