mikel p ansa
HIZPIDEAK

Haserretu gabe

2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Euskararik ikasi nahi izan ez dutenek markatu dituzte herri honetan hizkuntza politikaren lerro nagusiak; haiek erabakitzen dituzte pasatu ezin diren marra gorriak. Horregatik ere miresgarria da euskarak nola eta zergatik lortu duen irautea. Hizkuntza politika guztiaren abiapuntua izan delako gizartearen zati bat ez haserrearaztea. Ongi edo gaizki egina izan den epaitzea zaila da; ez da erraza jakitea kontra daukazuna behartuz noraino irits zaitezkeen edo zenbateko gatazkak piztu ditzakezun, eta aiseago egiten dira balorazioak urak pasatu eta gero. Ongi edo gaizki egin den dudarako tarte hori utzita ere, ez dago sobran gogoan edukitzea: hizkuntza politika ez da egin hiztunen eskubideen arabera; ez da egin hizkuntza batek irauteko beharko lituzkeen urratsak eginez; ez da egin euskararentzat; baizik eta erdaldunak gehiegi ez haserretzeko moduan. Horrela, betetzen ez diren hizkuntza eskakizunak, euskalduntzen ez duten eskolak, baliabidez husten diren hedabideak, beti bigarren eskukoak diren txartel eta publizitateak... Eskolatik ateratzen diren gazteek B2 maila izan beharko luketela esateagatik harritu ziren asko herenegun. Helburuak hori izan behar duela esan du Cristina Uriartek, baina helburua ez al zen hori, ba, dagoeneko? Ez, eskolak ere ez du erabat asmatzen. Gaur beste titularra: 200.000 gazte utzi dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskolek euskaldundu gabe. Arazoa da negarrak eta haserreak beti alde berera erortzen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.