HIZPIDEAK

Idazkia baino urrutiago nola iritsi

Martxelo Otamendi -

2018ko otsailak 16
Pentsa liteke lotuta doazela, edo ez, baina Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean alderdien proposamenen bertsio berrituak ezagutu ditugun aste berean onartu du gehiengo handiak, legebiltzar berean, legez besteko proposamen bat protesta egiteko Espainiako Gobernua etengabe ari delako murrizten ganbera horrek lege propioak taxutu eta onartzeko daukan legalitatea. Legitimitatea eta legalitatea, ganbera legegilea baita.

Ez da gaurkoa Espainiako gobernu baten joera hori. Autonomia estatutuak onartu, edukiz betetzen hasi eta handik oso gutxira —1981eko otsailaren 23an Tejerok jo zuen ustezko estatu kolpea baliatuta—, LOAPA onartu zuten, boterea birzentralizatzeko helburua zuen legea: zentristek eta sozialistek aldeko botoa eman zuten, eta Katalunia eta Hego Euskal Herriko alderdi abertzaleek aurkako jarrera erakutsi zuten.

Autonomiekin oso urrutira iritsi zirela iritzita, tokian tokiko boterea murriztuz joan dira Espainiako gobernuak, Auzitegi Konstituzionalaren laguntzarekin.

Atzoko idazkian ados jarri ziren EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE; dezente lan handiagoa edukiko dute idazki horren izpiritua mamitzeko autogobernu lantaldean prestatu beharko duten testu artikulatuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna