mikel p ansa
HIZPIDEAK

Sintoma da

2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Olatuen kolpeen arabera funtzionatzera ohitu dira Mendebaldeko gizarteak. Albiste baten titulu bat kontzientziaren itsasbazterrean lehertzen da, eta titulu horren atzean dagoen arazo oldea olatuaren abiadura berean erretiratzen da imajinario kolektibotik. Hilabete pasatu da Otxarkoagan senar-emazte batzuk hil zituztenetik; joan da olatua, eta segurtasunari buruzko eztabaida baizik ez da gelditu itsasbazterrean. Javier Perez Hoyos Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoko presidenteordeak gogoetarako gako batzuk eman ditu, arazoaren itsasoari begiratzeko, tituluetan lehertutako olatuez harago ikusteko: «indarkeriaren kultura» bat badela gizartean, eta «hutsaldu» egin dela ari buruzko pertzepzioa; sistema honek indibidualismoa eta kontsumismoa bultzatzen dituela, eta horrek dakarren lehiakortasunak ez duela batere laguntzen heziketa kontuetarako; kontsumoaren gizarte horrek, gainera, «dena unean bertan lortzera» bultzatzen dituela pertsonak; gaizki hezitako umeek nerabezaroan frustrazio horiek agertzen dituztela; eta bazterkeria egoeretan elikatzen direlako horrelako krimenak eta delituak egiteko arriskuan izango diren gazte asko, duela ia lau hamarkadako «kinki» haiek bezala. Ez, arazoa ez da segurtasunari buruzkoa soilik; olatua ez baita itsasoaren zati txiki bat besterik: «Indarkeria arazo bat dagoen sintoma bat». Eta konponbideak ere «integrala» beharko duela, ezer konpondu nahi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.