inaki petxarroman
HIZPIDEAK

PP eta PSE, torturen ispiluan

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aste gutxiren buruan, Jaurlaritzaren aginduz EHUk egindako torturari buruzko txostena gogor kritikatzetik goraipatzera igaro dira PP eta PSE-EE, Eusko Legebiltzarrean. Jose Antonio Pastorrek (PSE) haren «balio dokumental handia» nabarmendu du, eta sinesgarritasuna eman die tortura salaketei: «Ez dugu zalantzan jartzen ez agiria eta ez testigantzak. Lan handiko bilduma bat da». Harago joan da Juana Bengoetxea PPkoa. «Ez da alderdikoia. Inork ez du zalantzan jartzen haren bikaintasun, zintzotasun eta egiatasuna». EAEko PPk «iritzi pertsonaltzat» jo du Bengoetxearena.

Txostena zuzendu duen Francisco Etxeberria auzi medikuak prestigio handia du gizartean. Eta, neurri batean, prestigio horregatik sentituko dira deseroso PP eta PSE-EE, zorroztasun metodologiko eta zientifikoa duen lan horren aurrean agerian ez geratzeko. Baina, euren aitortza zintzoa balitz, galdera hauei erantzun beharko liekete: zer egingo dute txostenak jaso dituen 4.113 biktimek justizia eta erreparazioa lortzeko? Eta, bestetik, ba al dute zeresanik giza eskubideen urraketa horien atzean dauden agintariez eta irizpide politikoez? Izan ere, testigantza gehienak euren alderdikideen ardurapean zeuden poliziek torturatuenak dira. Autokritika egiteko aski arrazoi badute, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.