HIZPIDEAK

Gerra isila

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko apirilak 21
Gertakari batek errealitate gordinera ekarri du egun historiko bat. «Kaltea», «sufrimendua» eta «samina» erreparaziorako giltza bihurtu diren honetan, gizon batek bi emakume hil ditu Gasteizen, historikotik baino egunerokotik gehiago duen ekintza batean. Atean ostiko bat emanez sartu dira gorrotoa eta ezintasuna barkamenaren egunean. Gure kontzientzietan noiznahi sartzen diren bezala, hanka puntetan ateratzeko gero, oharkabean, arrastorik utzi gabe.

Atzo Gasteizen gertatutakoa ez da gertakari huts bat, ordea. Aitortu egin behar da: indarkeria egoera batean bizi gara, gizarte biolento batean, non gizartearen erdiak aitortzen duen arnasa hartzen duela etxera gauez itzultzen denean atzetik doakiona beste erdiko bat ez dela konturatzen denean. Ez dago gerra deklaraziorik, ez dago agiririk, ez dago ikurrik, ez dago fronterik, eta lubakiak ezin sakonagoak eta ezin ikusezinagoak dira aldi berean. Egun batzuetan emakumeak hiltzen dituzte, eta beste egun batzuetan ez dira hiltzen. Baina jazarpena egunero eta edonon dago. Gerra bat da, nola hiltzen direnean, hala hiltzen ez direnean ere. Bakerik ez da horrela. Trantsiziorik ere ez dago, indarkeria matxista eragiten duten baldintzak ez direlako aldatzen.

Atzo hildako emakumeen izenak ez dira historiara pasatuko, ezta orrialde beltza betetzera ere. Gertaera hutsak pasatzen diren moduan pasatuko da atzokoa. Beste bat. Beste bi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna