HIZPIDEAK

Keinu garrantzitsuak

Taldeetako ordezkariak, atzo.
Taldeetako ordezkariak, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jakes Goikoetxea -

2014ko azaroak 21
Eusko Legebiltzarreko talde guztiek —bai, guztiek— parte hartu dute Santi Brouard legebiltzarkide eta Herri Batasuneko buruzagi ohia omentzeko ekitaldian, Eusko Legebiltzarrean bertan, Gasteizen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da ekitaldiko buru. Lehen aldiz egin diote omenaldi ofiziala, GALek hil eta 30 urtera. Bilboko Udalak datorren astean egingo dio estreinako omenaldi ofiziala.

Bilbon, berriz, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabalak parte hartu du Santi Brouard bera eta Josu Muguruza Herri Batasuneko diputatu ohia omentzeko ekitaldi batean. Bertan izan da, esaterako, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia.

Keinuak dira. Egun bateko arrosak eta krabelinak, nahi bada. Baina lehen eta bigarren mailako biktimen arteko amildegia gutxitzeko keinuak. Soilak bezain garrantzitsuak. Urteetan eraikitako eta sakondutako lubakiek bereizi dituzten aldeak gerturatzeko, elkarren berri izateko. Mina partekatzeko. Lubakien alde ezberdinetan zerbait partekatzen bada, mina delako: sufrimendua, amorrua —kasu batzuetan gorrotoa—, ulertezintasuna, hutsunea, umiliazioa, ahanztura, bazterketa, bakardadea...

Atzokoak keinuak dira. Lubakiak gainditzeko zubiak eraikitzeko. Baina, keinuez gain, justizia eta erreparazioa ere behar dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna