Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Eta orain, legebiltzarra

2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Argitu da Emmanuel Macron izango dela Frantziako presidente berria, eta, berehala, zorion mezuak eta lasaitasun mezuak heldu dira Europako agintarien eta hedabide handienen aldetik. Pozik goraipatu dute haren garaipena. Izan ere, gauzen ordenak bere horretan jarraituko du Frantzian. Oraingoz.

Statu quo-aren defendatzaileek ez ezik, herritar ugarik ere hartuko zuten lasaitua Marine Le Penek ez duela irabazi jakinda. Hala ere, kezkagarria da ikustea nola eskuin muturra geroz eta boto gehiago jasotzen ari den urtetik urtera —Fronte Nazionalak 2002an lortu kopurua bikoiztu du—. Eta presidentetzarako bozak ez irabazi arren, FN alderdiarena da Frantziako oposizioa. Singularrean. Hala argudiatu du Le Penek, gaineratekoek Macronen alde bozkatzera deitu zutela-eta joan den igandean.

Baina Le Peni, ahaztu egiten zaio abstentzioa eta boto zuri zein baliogabea kontabilizatzea. Nabarmentzekoa da abstentzioaren datua: %25,44ra iritsi baita. Eta azpimarragarria da boz zuri eta baliogabeen kopurua: %11,5. Bi datuen arteko batuketa Le Penek lorturiko %33,9tik goitik dago. Horregatik dio Jean-Luc Melenchonek bigarren indarra horiek denek osatzen dutela.

Boto emaile askorentzat igaro dira txarra eta txarragoaren artean aukeratu behar izan duten —edota aukeratu ez duten— bozketak; orain, zein alderdiren zein politikaren alde dauden erabakitzea dagokie. Izan ere, ekainaren 8an berriro izango dira hauteskundeak Frantzian. Legebiltzarra aukeratzeko lehen itzulia izanen da orduan. Besteak beste, orduan ikusiko da Ipar Euskal Herriko herritarren boto joera berresten ote den, eta orain arte protagonismo handirik izan ez duten alderdiek, alderdi abertzaleek kasurako, zein pisu izatera ailegatzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.